Atentatua Indian

Dagoeneko 200 dira hildakoak Bombayko trenen aurkako erasoetan

Bombay hiriko trenbide sarea astindu zuten atzo arratsaldean zazpi leherketak. Dagoeneko 200 dira erasoaren ondorioz hildakoak eta zaurituak 700 dira bertako poliziak egindako azken zenbaketen arabera. Bombayko poliziako bozeramaileak adierazi duenez, hildakoen kopuruak gora egin dezake "zaurituetako asko egoera larrian daudelako". Bart gaueko kaosaren ostean, pixkanaka normaltasuna berrezarri nahi dute Indiako agintariak. Horregatik, kaltetutako trenbide sarea martxan jarri dute tren batzuk atzerapenarekin badabiltza ere.

2006ko uztailaren 12a
19:03
Entzun
Leherketak 18:20 eta 18:50 artean (14.50 eta 15:20ak Euskal Herrian) gertatu ziren, unerik jendetsuenetan. Bombay inguruko hiri eta herriekin lotzen dituen tren geltokiak eta lehen klaseko bagoiak izan ziren jomuga. Zehazki hiriaren mendebaldeko sarea izan zen erasoen lekua. Atentatuak gertatu ahala hiriko sare osoa bertan behera utzi zuten agintariek.

Oraingoz ezein taldek ez ditu erasoak bere gain hartu. Baina Kaxmirreko milizia nagusiaek ukatu egin dute atzoko erasoekin harremana izan zutenik. Kaxmirko Lashkar e Kahar (Beldurraren Armada) talde armatu musulmanak eta Hizb ul Mujahidin talde ekintzaileak adierazpen banatan adierazi dute ez dutela atzoko erasoekin zerikusirik. Biek ala biek gaitzetsi dituzte atzoko eraso "zitalak eta gorrotagarriak".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.