MunDUA

Dagoeneko 211 dira Italiako lurrikaran hildako lagunak

Beste 250 pertsona desagertuta daude. Herrialdearen erdialdean izan zen ezbeharra, Abruzzo eskualdean, eta L'Aquila hirian eragin zituen kalterik handienak. Erreplikak izan dira gauean eta goizean, 4,7 gradukoa indartsuena.

2009ko apirilaren 7a
19:10
Entzun
Italian atzo goizean izan zen lurrikararen ondorioz, dagoeneko 211 lagun hil dira eta beste 250 desagertuta daude. Zaurituak 1.500 pasa dira. Herrialdearen erdialdean izan zen ezbeharra, Abruzzo eskualdean, eta L'Aquila hiriburuan eragin zituen kalterik handienak -pizentrotik gertuen dagoen gunea izaki-, baina dozena bat herri gehiago ere txikitu zituen. Erroman bertan ere nabaritu zuten dardara, L'Aquilatik 80 kilometrora baitago.

11:24ean bi erreplika izan dira L’Aquila inguruan eta berriro alarma piztu dute. Ritcher eskalan 3,6 eta 4,7 gradukoak izan dira horiek. Gauean ere, beste bi izan dira baina indar gutxiagokoak horiek, 3,8 eta 4,5 gradukoak hurrenez hurren. Oraindik ez dute jakinarazi erreplika horiek erreskate lanetaneraginik izan duten.

Hondakinak mugitu ahala gorpu gehiago topatuko dituzten beldur dira salbamendu taldeak.

Ameriketako Estatu Batuetako sismologia zentroak emandako datuen arabera, Ritcher eskalan 6,3 gradukoa izan zen lurrikara; Italiako Babes Zibilaren arabera, berriz, 5,8koa.

50.000 lagun inguru etxerik gabe gelditu dira. Gainera, gaua non pasa ez zutelako, baita erreplikek zutik gelditutako eraikin apurrak botako zituzten beldur zirelako, 100.000 lagun inguru ebakuatu zituzten atzo. Asko L´Aquilako aparkaleku, zelai eta kirol eremuetan hartu zuten aterpe. Gobernuak jarritako kanpadendak, izan ere, eskas gelditu ziren kaltetu guztiak haietan hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.