Damaskok protestetan atxilotutako 900 lagun inguru aske utzi ditu

Turkiak zigor ekonomikoak onartu ditu Siriako Gobernuaren aurka; EBk ere presio egiteko neurri gehiago iragarri dituIlargi Gorriak dio Siria ez dagoela «gerra egoeran»; atzo hamasei lagun hil zituzten

2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Bashar al Assaden erregimenaren aurkako protestetan atxilotutako 912 lagun aske utzi ditu Siriako Gobernuak, «eskuak odolez zikinduta ez dauzkatenak». Damaskok gogorarazi du azaroan beste 1.700 lagun inguru atera dituela espetxeetatik; izan ere, Arabiar Ligarekin gobernuaren aurkako manifestazioetan atxilotutako lagun guztiak aske uztea adostu zuen.Neurriak, baina, ez dirudi Al Assaden aurkako nazioarteko presioa baretuko duenik, indarkeria amaitzea, demokrazia ezartzea eta nazioarteko ikuskatzaileak herrialdean onartzeko exigitzen baitiote horretarako.

Aliatu zaharrak ere aurka jarri zaizkio azkenaldian Al Assadi. Atzo, esaterako, Turkiak Siriaren aurka zigor ekonomikoak onartu zituen, eta berehala indarrean jarriko dituela jakinarazi du. Hori horrela, finantza eta mailegu akordioak bertan behera utzi ditu Ankarak, eta Siriako Gobernuak Turkian dituen ondasunak izoztu ditu. Siriako Banku Zentralarekin ere harremanak haustea erabaki dute. Horrez gain, bizilagunari arma eta ekipamendu militarra bidaltzeari utziko diotela iragarri du Ahmet Davutoglu Turkiako Atzerri ministroak. «Al Assad azkenetan dago», adierazi du Davutogluk. «Herriarekin bakean dagoen gobernu bat indarrean jarri bitartean» eutsiko die Turkiak iragarritako zigorrei, Atzerri ministroaren hitzetan.

Erregimenaren gaitasuna mugatu nahi du Turkiak neurri horiekin, eta siriarrei min gehiago ez eragiteko egoera sakon aztertu dutela azaldu du Davutogluk. Bestalde,Ankarak argi utzi nahi izan du ez duela babestuko nazioartearen esku hartze militar bat. Hala ere, ez du baztertu mugan errefuxiatuen etorrera masiboa geldiarazteko operazio berezi bat martxan jartzea.

Lankidetza Islamikorako Erakundeak ere ultimatuma eman dio Al Assadi, gatazkari irtenbide baketsu bat eman diezaion. «Auzia konpontzeko azken aukera da hau», jakinarazi zuen Ekmeledin Ehsanoglu erakundeko idazkari nagusiak atzo Saudi Arabiako Jida hirian egin zuten bileran. Erakundeko kide diren herrialdeetako Atzerri ministroak bildu dira bertanSiriako krisiaz mintzatzeko, tartean Damaskoko diplomazia buru Ualid al Mualem. Siriarren eskaerak lehenbailehen betetzeko eta atzerriko esku hartze militar bat saihesteko, «berehala» irtenbide bat bilatu behar dela azpimarratu du bilera horretan Egiptoko Atzerri ministro Mohamed Amrok.

Arabiar Ligak ezarritako zigorrak onartzea aztertzen ari dira Lankidetza Islamikorako Erakundeko 57 kideak. Igandean, hain justu, nazioarteko behatzaileak herrialdean sartzea onartu ez zuelako hainbat neurri hartu zituen Arabiar Ligak Al Assaden erregimenaren aurka. Besteak beste, erakundeko herrialdeetara bidaiatzea debekatu die gobernuko funtzionarioei, eta herrialde horietatik Siriara hegaldiak aste honetan bertan etengo dituela iragarri du. Horrez gain, hainbat zigor ekonomiko ere onartu ditu, hala nola gobernuko kideen ondasunak izoztea, eta Siriako Banku Zentralarekin tratuak debekatzea. Lehen aldia da erakundeak bere kide baten aurka halako neurriak hartzen dituela. Nabil al Arabi idazkari nagusiaren arabera, neurriokin «mezu politiko serioa» igorri diote Al Assadi.

Bestalde, EB Europako Batasuna gaur da Siriaren aurka zigor neurri berriak onartzekoa. Frantziak Turkiaren bitartez «korridore humanitarioak» sortzea proposatu du, errefuxiatuen egoera kudeatzeko. Catherine Ashton EBko diplomazia buruak proposamena aztertzen ari direla jakinarazi du, baina «konplexua» dela dio. Herrialdetik ihesi joan direnen kopurua nabarmen murriztu izana kontuan hartu beharrekoa dela dio, gainera. Horrez gain, Ashtonen hitzetan, neurri horrek ez du esan nahi Europako militarrak inguru horretara bidali behar direnik.

Nazioartearen presioari, ordea, entzungor egin dio Siriako erregimenak. Zigorrak nabarituko dituztela aitortu du Informazio ministroak, baina gaineratu du ez dutela zalantzan jartzen herrialdeak aurrera egiteko duen gaitasuna.

Beste egun odoltsu bat

Bitartean Sirian egoerak ez dirudi baretzera egin duenik. Atzo bertan hamasei lagun hil zituzten, gutxienez, erregimenaren aldekoen eta aurkakoen arteko liskarretan. Oposizioko Koordinaziorako Lekuko Batzarren arabera, Idelb probintzian zortzi lagun hil zituzten soldaduek, tartean bi emakumezko eta bi haur. Haman bi lagun hil dituztela diote, eta Hims hirian, aldiz, beste sei. Idleb hirian tentsioahandia dela diote lekukoek, soldaduak eta armadako desertoreak elkarri tiroka aritu direlako. Haman, berriz, Al Assaden aldekoek kaosa eragin dutela diote.

Dena den, Siriako Ilargi Gorriko idazkari nagusi Jaled Erksoussik dio une honetan herrialdean ez daudela gerra egoeran. «Armada mugitzen eta erantzuten ari da, baina hau ez da gerra bat». Iragan martxoan Al Assaden erregimenaren aurka protestak hasi zirenetik 3.500 lagun inguru hil dituztela dio NBE Nazio Batuen Erakundeak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.