Japonia. Lurrikara

Dardara seismoen lurraldean

Japonian inoiz izandako lurrikara handienak mila hildako eta ehunka desagertu eragin ditu; Richter eskalan 8,9 gradu izan dituTsunamia eragin du seismoak, eta alerta egoera ezarri dute hogei herrialdetan

Kristina Berasain Tristan.
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Beste bat izan da maiz izaten diren andanen artean, baina oraingoaren berezitasunak latzak dira, inoizko handiena izan delako herrialdean —neurketak egiten direnetik bederen—, eta biktimen kopuruari erreparatuta azken urtetako ankerrena izan delako; ezen zehazki zenbat izan diren jakiterako egunak pasako badira, hildakoak mila izan daitezke eta desagertuak ehunka. Richter eskalan 8,9 graduko lurrikara izan da Japonian. Uhartean 14:46ak zirenean izan zen dardara —Euskal Herrian 06:46ak—. Ipar-ekialdeko itsasertzetik 130 kilometrora izan du epizentroa, 24 kilometroko sakoneran, eta tsunamia eragin du handik bi ordura, hamar metroko olatuak sortzeraino. Hiroshimako hamar mila bonba aldi berean leherraraztea bezalakoa izan da —240 milioi tona dinamita—. Eta Lurraren ardatza hamar zentimetro mugitu ahal izan duela ohartarazi du Italiako Geofisika eta Bulkanologia Institutu Nazionalak; errotazio ardatzean eragin handiena izan duen bigarrena, Txilen 1960an izandakoak eragin zuenaren ostean.

Gehien kalteturiko kosta

Uhartearen ekialdeko kosta izan da gehien kaltetua: Tohoku eskualdearen ekialdean dauden hiru prefekturak; Iwate, Miyagi eta Fukushima. Dardarak berak baino, hala ere, litekeena da tsunamiak eragin izana kalte handienak —seismoak, hala ere, 1.800 etxe suntsitu ditu—. Ozeano Barean izandako itsasikarak dena eraman du aurrean, etxeak, eraikuntzak, autoak, eta bidean herriak, ibaiak, errepideak eta soroak zeharkatu ditu, atzean tonaka hondakin pilatuz, suteak piztuz eta suntsitutako eta ureztatutako eremua utziz —lurrean barrena bost kilometro sartu dira olatuak—. Japoniako telebistak zabaldutako irudiak ikusgarriak izan dira; Indonesian 2005ean epizentroa izan zuentsunamia ekarri zuten gogora —240.000 lagun hil ziren orduan hamabi herrialdetan—. Ozeano Bareko Tsunamien Alerta Zentroak hogei herrialdetara zabaldu zuen alerta zazpi metroko eta hamabost minutuz luzatu zitezkeen olatuak irits zitezkeela ohartarazita. Hainbat uharteetako biztanleei, berriz, leku garaietan babesteko eskatu zitzaien eta batzuetan herritarrak ebakuatu egin zituzten.

Ameriketako Estatu Batuetako NOAA Administrazio Nazional Ozeaniko eta Atmosferikoak jakinarazi zuenez hamabi orduko ibilbidea egingo zuen tsunamiak, 500 kilometro orduko abiaduran, kontinenteko mendebaldeko kosta iristerako, eta hemeretzikoa hegoaldeko hemisferiora iristerako. Paul Conneally Gurutze Gorriko Elkarteen Federazioko bozeramaileak kezka handia agertu zuen olatuek hainbat uharteren garaiera izan zezaketela-eta, baina aurreneko olatuak dezente ahulduta iritsi ziren, nahiz eta adituen arabera horiek diren apalenak. Hawaiin, esaterako, metro bateko olatuak iritsi ziren. Taiwan, Filipinak eta Indonesiara, berriz, 20 eta 50 zentimetro artekoak. Tsunamiaren maila gorena izaterako, dena den, goizaldea izango zen gurean.

Tokion kaosa

Naoto Kan Japoniako lehen ministroak «kalteak handiak eta larriak» izan direla eta biktimen kopurua «berebizikoa» izan dela esan zuen. Datu ofizialen arabera, 178 hildako, 351 desagertu eta 539 zauritu eragin ditu seismoak. Datu horiek, baina, handitu egin daitezke orduek aurrera egin ahala. Sendaiko hondartzan, esaterako, 200 eta 300 hilotz artean aurkitu zituztela jakinarazi zuen Poliziak. Kiodo agentziak zabaldu zuen albiste hori, hala nola, ehun bidaiari zeramatzan ontzi bat desagertuta zegoela eta tren baten berri ere ez zegoela.

Hiriburuan kaosa eta ikara piztu zuen lurrikarak. Tokio munduko hiriburu populatuena da —30 milioi lagun bizi dira metropoli eremuan— eta zerbitzu ugari eten behar izan zituzten, tartean, metroa eta bala trena edo shinkansen-a. Narita eta Haneda aireportuak ere itxi behar izan zituzten, eta argindarra eta telefonia sarea ere arazoak eman zituen, herrialdeko barruko komunikazioa zailduz. Herrialdeko portu guztiak ere itxi egin zituzten eta zamaketa lanak bertan behera utzi. Japonian 126 milioi lagun bizi dira eta askok bulego eta aterpeetan lo egin behar izan zuten bart etxera joan ezinean gelditu zirelako. Lurrikararen osteko erreplikak ere bortitzak eta ugariak izan ziren eta horien beldurrez herritar asko eta asko atera ziren kaleetara; 60 baino gehiago zenbatu zituzten eta horietako batzuk 7,3 indarrekoak. Erreskate lanei ekin diote orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.