Omar el Beshir Sudango presidentea eta Idriss Deby Txadekopresidenteak herenegun arratsean sinatu zuten elkarri erasorik ez egiteko akordioa Dakarren (Senegal) -Konferentzia Islamikoaren Erakundeko batzarrean egin zuten hitzarmena-. Akordio horrek, baina, ez ditu ezertara behartzen matxinoak. N'Djamenako gobernuaren aurka armak hartu dituzten matxinoek jada iragarri dute ez dutela akordio hori errespetatuko. Ali Gadaye Txadeko Aliantza Nazionaleko bozeramailearen hitzetan bi gobernuek hitzartutako itunarekin ez dute zerikusirik. N'Djamenako agintearen aurka armekin borrokan ari den talde honetako eledunak borrokan jarraitzeko asmoa erakutsi du: «Idriss Deby presidenteak ez badu hitz egin nahi, agintetik indarrez bota egingo dugu». Horixe egiten saiatu ziren joan den otsailean eta ehunka gerrillarik hiriburuan sartzea lortu bazuten ere,indar armatuek haizatu egin zituzten. Frantziaren laguntza izan zuen.
BOST URTEKO GATAZKA. Sudango eta Txadeko agintari gorenen arteko hitzarmena, dena den, ez da aurrenekoa. Azken bost urteotan adostutako seigarrena da, eta aurreko bostak ia izenpetu orduko baliorik gabe geratu ziren. Itun hauek gauzatu ezinekoak egiten dituen arrazoi bi daude: Txadeko Gobernua agintetik bota nahi duten gerrillaren indarra, batetik; eta Darfurko gatazka larria, bestetik.
Khartum eta N'Djamena artean aldi honetan hitzartutakoak aurrekoek ez zuten egonkortasunerako bermea dutela nabarmendu dute akordioaren sustatzaileek, Dakarren. Bermea da bi herrialdeen arteko akordioa errespetatu egiten dela ziurtatzeko kontaktu talde bat lanean ariko dela. Eritrea, Gabon, Libia, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Senegalgo Atzerri ministroek osatuko dute taldea eta hilean behin biltzea aurreikusi dute. Deng Akor Kuole Sudango Atzerri ministroak nazioarteko taldearen lana positiboa izango dela uste du: «Akordio hau aurretik hitzartutakoekin alderatuta sendoagoa da; lehenengoek ez baitzuten kontrolerako mekanismorik».
Akordioa Darfurko gatazka ilun eta luzeari begira argi printza izatea espero da. Darfur mendebaldeko eskualde honetan 2003. urtean piztu zen gatazka eta, orduz geroztik,200.000 lagunen heriotza eragin du. Desplazatuak, berriz, 2,5 milioi inguru dira. Khartumgo gobernuaren indar armatuen eta hauen aliatu janjauid milizia arabiarren erasoetatik ihesean atzerrian babestu dira herritar ugari. Txaden, hain zuzen ere, bertako 250.000 errefuxiatu daude gaur egun. Nazio Batuen Erakundeak kanpamendu ugari ezarri ditu bi herrialdeen arteko mugan.
Errefuxiatu gune hauetan, egoera gero eta larriagoa da eta, era berean, nazioarte komunitatearen laguntza eskasa dela eman du jakitera NBEk. Kingsley Amaninge NBEko giza arazoetarako koordinatzaileak ohartarazi du iazko abenduan diru-emaileei eskatutako 154 milioi euroetatik soilik %2a jaso dela. Amaningen esanetan, egoera larrituz joan da orduz geroztik. «Txaden 10.000 iheslari gehiago sartu dira. Darfurren, kanpoko laguntzarik gabe, soilik20.000 lagunek dute bermatuta bizi iraupena». Iheslari kopurua gero eta handiagoa denez ur edangarria eta higienea bermatzeko arazoa larriagoa dela ohartarazi du Amaningek: «Nazioarteko komunitateak eskuzabal jokatu du orain arte, baina nabarmen gehiago behar da egin».
ERREFUXIATUAK ELIKAGAIEN PREMIAN. Darfurko gatazkak nazioartean apenas duen oihartzunik eta, horren inguruan, estrategia bat jarri du martxan nazioarteko erakundeak herritarren eta gobernuen arreta bereganatzeko. Hollywoodeko aktoreak eskualdera bidali eta bueltan bertako egoeraren berri ematen ari dira komunikabideetan. Munduko Elikadura Programarena da ekimena eta jada 500.000 dolar bildu dituzte. George Clooney, Brat Pitt, Matt Damon edo Don Cheadle dira, besteak beste, ekimenean parte hartzen ari diren aktore ezagunenak.
Kenro Oshidari Munduko Elikadura Programaren Sudango arduradunak azpimarratu du izar horiei esker jasotako diru mordoa dela, aurten, erakundearen kutxetan gatazka horretara bideratzeko jasotako aurreneko dirua. NBEk berak aste honetan bertan ohartarazi du premiazko diru-laguntza jaso ezean, hilabete honen bukaerarako elikagaiak agortu egingo direla. Munduko Elikadura Programak zehaztu du iheslariak elikatzeko arazoak dituztela; izan ere, errefuxiatu guneetara janaria eramateko hegazkin eta helikopteroen hegaldietarako, hilean 6,2 milioi dolar behar ditu.
George Clooneyk behin baino gehiagotan hitz egin du munduko komunikabideetan laguntza eskean: «Darfurren lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeak eta giza laguntza taldeak errefuxiatuei eta bertako herritarrei janaria, botikak eta bestelako gaiak erabateko hegazkin eta helikopteroen beharrean daude; premia gorrian dauden eragile hauei laguntza emateaz harro gaude eta beste askok ere egin egingo dutela espero dugu».
Europako Batasuneko eta Afrikako Batasuneko bake indarrak eskualdera azkar joatea espero dute gobernuz kanpoko erakundeek eta NBEk. Egun 800 militar soilik dira bertaratu, baina orotara 3.800 behar dute izan.
«Idriss Deby presidenteak ez badu hitz egin nahi, agintetik indarrez bota egingo dugu»
ali gadaye
txadeko aurkari armatuen bozeramailea
«Akordio hau aurrekoekin alderatuta sendoagoa da; lehengoek ez baitzuten kontrol mekanismorik»
Den alor kuol
Sudango atzerri ministroa