Sudango Gobernuak azkenean onartu du Darfurko eskualdeko bake misioan Afrikako Batasuneko soldaduekin batera NBE Nazio Batuen Erakundekoak aritzea. Uzkur agertu dira orain arte Sudango agintariak aukera horren aurrean. Nazioarteko komunitatearen partetik irmotasunez eskatu zaie, ordea, hautu horren alde egiteko, eta negoziazioak egin dituzte, bai Afrikako Batasuneko, eta baita Nazio Batuen Erakundeko ordezkariekin ere. Antza, fruitua eman dute. Atzo Addis Abbeban (Etiopian) eta Sudango hiriburu Khartumen jakinarazi zuten akordioa lortu zutela. 17.000-19.000 soldadu bidaltzeko asmoa dute bi indarrek.
Denaren beharra izango da. 2003tik gatazka larria bizi dute Darfurren, eta, horren ondorioz, ordutik 200.000 lagun inguru hil dira. Bi milioi lagunek, berriz, beren etxeak utzi behar izan dituzte etenik ez duen indarkeria girotik ihesi. Gaur egun Afrikako Batasunak Darfurren martxan duen bake misioan 7.000 lagun ari dira, eta behin baino gehiagotan azaldu dute nahi eta ezinean ari direla.
Orain lortu duten hitzarmenaren arabera, 2.500 soldadu gehiago abuztuan lotuko zaizkio bake misioari, eta gainerakoak urte hasieran hasiko dira misio «hibridoan». Sudango Gobernuak uko egin dio orain arte Nazio Batuen Erakundeko indarrak onartzeari, haiek zuzenduriko bake misioa Sudanentzat «Mendebaldeko inbasioa» izan daitekeela argudiatuz. Ildo horretan, negoziazioetan irmo nabarmendu dute, NBEko tropak onartzekotan, argi utzi beharko dela bake misioaren zuzendaritza Afrikako Batasuneko indarrena izango dela. Atzo, lortutako akordioaren berri eman zutenean ez zuten zehaztu auzi horri zer irtenbide eman dioten.
ZAILTASUNAK. Afrikako Batasuneko Bake eta Segurtasun arduradun Said Djinitek aurreikusi du bidean zailtasunak izango direla. «Operazio hibrido honek egoera ezohiko eta apartekoa sortu du, eta litekeena da bidean hainbat eragozpenekin aurkitzea. Baina elkarlanean jarduteko borondatean konfiantza» dagoela dio. «Uste dut elkarrekin lan eginez zailtasun oro gainditukodugula».
Djinnitek nabarmendu du, misioaren «izaera afrikarra» defendatzen saiatuko direla. Ahal dela, NBEko tropetan Afrikako soldaduak nahi dituzte, eta, bestela, Asiakoak. Khartumeko hainbat informazio iturrik aditzera eman dutenez, bake misioan ez dira onartuko AEB Ameriketako Estatu Batuetako soldaduak, eta ezta Erresuma Batukoak ere. NBEren Sudanerako bake misioko arduradun Dimitri Titovek argi utzi du, abian jarriko duten operazioak bake bidea erraztuko badu ere, «esparru politikoan» ere konponbiderako urratsak egin beharko direla. Ez da erraza izango. Sudango Gobernuari maiz leporatu diote auzi honi ez behar adinako garrantzia ematea, eta egoeraren larritasuna ezkutatzen saiatzea.
Janjauid milizia arabiarrak Gobernuaren aldeko dira, eta, gatazkan haien alde egitea egozten diete Sudango buruzagiei. 2006ko maiatzean,Gobernuak eta Sudan Askatzeko Mugimendu/Armada SLM/A taldeak bake akordioa sinatu zuten, baina bi talde matxino txikiagok hitzarmena arbuiatu, eta borrokek ez dute etenik izan. Maiz larrialdi deiak egin dituzte NBEk eta beste hainbat erakundek, bertan bizi den egoeragatik eta gatazkatik ihesi Darfur utzi duten milioika lagunek bizi duten egoeraren gordinagatik.
Darfurren Afrikako Batasuneko indarrekin batera NBEkoak aritzea onartu du Sudanek
Egindako negoziazio bileretan hitzartu dute 17.000-19.000 soldadu aritzea bake misioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu