Guantanamoko kartzelan (Kuba) igaro ditu azken bost urteak Binyam Mohamed etiopiarrak. Erresuma Batuan bizi zen Mohamed. Datozen egunetan aske geratuko da, eta Erresuma Batura itzuli ahal izango da. Hala jakinarazi zuen atzo David Miliband Atzerri ministro britainiarrak. «Gestioak amaitu bezain pronto» itzuli ahal izango da etxera, adierazi du. Prentsa ohar baten bidez jakinarazi du Erresuma Batuko Gobernuak eta AEBetakoak Binyam Mohamed lekualdatzeko akordioa lortu dutela.
Datorren astean itzuliko da, baina Miliband Atzerri ministroak nabarmendu du horrek ez duela esan nahi herrialdean betiko geratu ahal izango denik. «Haren etorkin egoera aztertuko dugu, eta herrialde honetan gainerako atzerritzarrei ezartzen zaizkien segurtasun neurri berberak ezarriko zaizkio».
Hilabete bat gose greban
Mohamed hamabost urterekin joan zen Etiopiatik Erresuma Batura, iheslari modura. Londresen bizi izan zen, 2001ean Afganistanera joan zen arte. Haren abokatuen arabera, droga-menpekotasuna gainditzeko egin zuen bidaia hura. 2002an, ordea, terrorismoarekin zerikusia zuelakoan atxilotu zuten Pakistanen. Mohamedek berak ziurtatu duenez CIAk eraman zuen AEBetatik Marokoko espetxe batera. Han igaro zituen hemezortzi hilabeteetan torturatu egin zutela salatu du sarritan. Afganistanera eraman zuten 2004an, eta handik Guantanamora. Bost urte pasatu ditu han.
Azken hilabetea, gainera, gose greban pasatu du, egoera salatzeko. Haren abokatu taldearen arabera, oso ahul egon da. Abokatuen arabera, Londresko informazio zerbitzuek bazituzten Mohamedek tratu txarrak jasan zituen zantzuak. Gordon Brown lehen ministroak, baina, nabarmendu du ez dutela sekula auziari buruzko informaziorik ezkutatu. Hala ere, informazio zerbitzuek eta segurtasun indarrek Mohamedek jasandako torturekin zerikusia izan duten ala ez ikertzeko aukera aztertzen ari dira.
Datorren astean Guantanamoko preso bat aske utziko dutela iragarri dute
AEBen esku egon den bitartean torturatu egin dutela salatu du behin eta berriz Binyam Mohamed etiopiarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu