Mundua

Datozen orduetan gehieneko indarra irits dezake Dean urakanak

Jamaika eta Kuba atzean utzi eta Mexikoko Yucatan penintsulara bidean da. Badaezpadako neurri guztiak hartu dituztela ziurtatu du Mexikoko Gobernuak, eta arriskua hasieran uste baino txikiagoa dela Cancunen. Kuban 400.000 lagun aterarazi dituzte beren etxeetatik, baina espero baino arrasto arinagoa utzi du azkenean.

2007ko abuztuaren 20a
16:41
Entzun
Haize bolada handiak eta euriteak lagatzen ari da Dean urakana Karibe inguruan, eta, horiekin batera, heriotzak eta ezbeharrak ere bai. Zazpi lagun hil dira orain arte urakanaren ondorioz, Santa Lucia eta Dominica uharteetan, Errepublika Dominikarrean eta Haitin. Gainera, ehunka lagunek kalteak jasan dituzte. Jamaika eta Kuba atzean utzi ditu Deanek, eta Mexikoko Yucatan penintsulara bidean da.

Deanek ez du oraindik gehieneko indarra iritsi. AEBetako Urakanetarako Zentroaren arabera, datozen orduetan hartuko du indarrik handiena, Saffir-Simpson eskalan 5ekoa (mailarik altuena), eta orduko 240 kilometroko abiadan mugiaraziko du haizea. Gehieneko indar Yucatan penintsulan irits dezakeela uste dute adituek.

Hori dela eta, neurri handiak ari dira hartzen urakanaren bidean dauden herrialdeetan. Yucatanen milaka lagun aterarazi dituzte aterbetuta dauden lekuetatik (asko eta asko turistak dira), eta badaezpadako neurri guztiak hartu dituztela ziurtatu du Mexikoko Gobernuak. Gainera, Cancunen -Yucatango penintsulan hori da turista gehien biltzen den lekua- hasieran uste zena baino arinago joko duela urakanak.

Kuban, berriz, uste baino arinago igaro da Dean. Badaezpada 400 mila lagun beren bizilekuetatik aterarazi eta denboralea handia izan den arren, ez du biktimarik eragin eta kalte materialak ere uste baino txikiagoak izan dira. Alertan daude oraindik eremu zehatz batzuetan, baina leku gehienetan normaltasunera itzultzen hasi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.