Boiseko alkatetzarako hauteskundeak

Dave Bieter izango da Boiseko alkate berria, hauteskundeak gehiengo osoz irabazi ostean

David Bieter hautagai demokratak irabazi ditu Idahoko estatuko hiribururako, Boiserako, alkatetzarako hautekuskundeak gehiengo osoz. Botoen erdia baino gehiago jaso ditu –%52a lortu du– jatorri euskalduneko hautagaiak, eta hori dela-eta, ez da zertan hauteskundeen bigarren txanda egin beharrik izango. Bieter ezaguna egin zen Euskal Herrian Pete Cenarrusa Estatu idazkariarekin batera Idahoko Kongresuan, estatuko Ordezkarien Ganberan eta Senatuan, 2002ko martxoan Idahoko memoriala onartzea lortu zuelako. Orain, Ordezkarien Ganberako aulkia utzi egingo du alkatetzan buru belarri murgiltzeko.

2003ko azaroaren 5a
19:45
Entzun
Inkestek aurreikusten zutena bete zen atzo Boisen (AEBak, Idaho), Dave Bieter hautagaia euskal-amerikarrak gehiengo osoz –botoen %52a lortuta– irabazi baitzituen udal hauteskundeak. Bieterrek 22.320 boto eskuratu ditu, botoen %51,87a, hain zuzen ere. Chuck Winderrek 11.230 boto lortu ditu (%26,10a), Vaughn Killeenek 8.168 boto (%18,98) eta Max Mohammadik 1.313 boto (%3,05).

Atzo izan zuen Bieterrek bere benetako bataio politikoa. Aulki hutsek markatu dituzte Bieterren bizitza politikoaren lehen urteak. Estatuko Ganberara lehen aldiz aitarena betetzera sartu zen, nahiz geroztik bitan irabazi duen erraztasun handiz Ordezkarien Ganberakoa. Baina, aulki hutsekin segituta, atzoko udal hauteskundeak Boiseko alkatearen dimisioaren ondorio dira. Alegia, alkatearen aulkia ere hutsik da, aurtengo otsailaren 14an Brent Coles alkateak dimititu zuenetik.

Familia ezaguneko semea

Familia ezaguna da Bieterrena Boiseko eta Idahoko euskal komunitatean bereziki; aita zena Ordezkarien Ganberako kide hautatua izan baitzen hainbat legegintzalditan. Dave semea, hain zuzen, aita (amarekin batera) auto istripuz hil izanaren ondorioz sartu baitzen Idahoko Ordezkarien Ganberan, aitaren eserlekua hartuz. Ordura arte abokatutzan jarduna zen Bieter gaztea politiko profesionala bihurtu zen. Aitaren eta familiaren tradizioari segituz, Alderdi Demokratan sartu zen, errepublikarrak nagusi diren estatu eta hiriburuan; gaztetan euskara ikastera bultzatu zuen tema eta ilusio berarekin.

Alkatetza lortzearen plater goxoa

Bieter ezagutzen dutenek badakite, behin Idahoko Ordezkarien Ganberan sartuta, ez zuela sekula baztertu halako batean Boiseko alkatetzarako lehian sartzea; baina aukera hori ez zegoen horren aurrean bere egutegi politikoan. Ordezkarien Ganberan urte batzuetan herritarrengandik gertu lan eginez hiriburu osoan izena hartu ondoren aurkeztuko zen bakarrik alkatetzarako; are gehiago ohartuta Coles alkatea errepublikarra berriro aurkezteko asmotan zen bitartean oso zaila izango zuela irabaztea. Orain, Ordezkarien Ganberako aulkia utzi egingo du alkatetzan buru belarri murgiltzeko.

Bieter Idahoko 19. barrutiko ordezkaria izan da orain arte, eta barruti hori Boiseko zati bati dagokio. Orain arte erraztasun handiarekin irabazi izan du barruti horri dagokion ordezkaritza. Alkatetza, aitzitik, askoz plater goxoagoa da Idahoko politikan nabarmendu nahi dutenentzat.Colesen dimisioak, hortaz, hankaz gora jarri zuen Bieterren egutegi politikoa eta oso Bietertarrena den ausardiarekin jokatuz, serio hasi zen pentsatzen alkatetzarako lehiatzeko aukera. Pentsatu, egin eta irabazi.

Euskal komunitateko kidea

Bieter ez da bakarrik egon alkate izateko ahaleginean, Boiseko euskal komunitatea dauka atzean, Bieter familia erreferentzia handikoa baitzen-eta da komunitate horretan. Bai Bieterren gurasoak eta baita ere Bieterren anai-arrebak. Chriss anaia epaile eta Boiseko ikastolako aita da, eta John anaia irakaslea.

Baina goi mailako atxikimenduak ere jaso ditu Bieter hautagaiak. Haren alde agertu da Pete Cenarrussa errepublikarra, berrogei urtez Idahoko Estatu idazkaria izan dena eta azken hamarkadetan Idahoko eta Boiseko euskal komunitatearen eragile nagusietako bat. Bieterrek eta Cenarrussak afiliazio politiko desberdin eta elkarren aurkakoa izatea (Bieter demokrata da eta Cenarrussa Idahoko errepublikarren aitaponte nagusia) ez da oztopo izan, hautagaiak Cenarrussaren laguntza jasotzeko. «Ez dut inolako dudarik eduki Bieterren aldeko botoa eskatzeko orduan. Euskalduna da, gure komunitateko kidea, oso ondo ezagutzen dut, elkarrekin atera genuen aurrera Euskal Herriaren aldeko Idahoko Memoriala, eta seguru nago hautagairik onena dela. Bata demokrata eta bestea errepublikarra izatea, bigarren mailako kontua da niretzat. Garrantzitsuena da Boisek alkate euskalduna eta Euskal Herriaren aldekoa edukitzea, eta hori oso ona da euskaldunontzat», adierazi dio Berriari Cenarrussak.

Goi mailako atxikimendu gehiago ere jaso ditu Bieterrek; besteak beste, Idahok izan zuen Cecil D. Andrus azken gobernadore demokratarena. Eskola publikoetako arduradun nagusia, suhiltzaileen sindikatua... asko dira bere aldeko botoa eskatu dutenak. Lehia gogorra izan du Bieterrek. Bieter izan da hautagai aurrerakoi bakarra, eta berarengana bildu dira Boiseko udaletxearen kudeaketatik eskuina kanporatu nahi duten sektoreak. Eskuineko hautesleak eskuinaren hiru hautagaien artean aukeratu behar du, eta eskaintza aniztasun horrek Bieterren alde jokatu duela pentsa daiteke.

Kaleko kanpaina egin du batik bat Bieterrek, eta horrekin batera etxeetako afariak, hautesle Bieterzale batek bere etxera hautesle posibleak eta Bieter bera eramanez osatzen direnak. Etxe aurreko belardietan gehien ikusten diren afixek Bieterren aurpegia eta ikurrak erakutsi dituzte nonnahi. Bera izan da, ahalbide ekonomikoak behartuta, kanpaina herritarrengana gehien hurbiltzen aritu dena.

Aurkari sendoak garaitu ditu

Killeen sheriff-a eta Winder izan dira Bieterren aurkari nagusiak. Biak esparru errepublikarrekoak eta biak Bieter baino askoz ere ezagunagoak Boisen; eta hautagai euskaldunak baino diru gehiago daukate kanpainako gastuei aurre egiteko. Winderren alde agertu dira Idaho estatuak Washingtongo Kongresuan dauzkan bi parlamentariak, Mike Simpson eta Butch Otter, eta senatuan daukan ordezkaria, Larry Craig. Azken hori, Craig senataria, Idahoko Memorialaren aferan Espainiako enbaxadore Javier Ruperezen aliatu nagusietako bat izan zen asmo hura zapuzteko, azkenean lortu ez zutena.

Lehen itzulia nahikoa izan da

Iragarpen guztiak apurtuz, Bieterrek irabazi du lehen itzulian eta ez da bigarren itzuliaren beharrik izango. Bi hauteskunde izan ziren atzo. Bata alkatea aukeratzeko, bestea zinegotziak aukeratzeko. Alkatea aukeratzeko zerrendak hautagai bakarrekoak dira. Hau da, Bieter bera aurkeztu da bakarrik papeletan. Berarekin ez da inor joan, ez zerrendakiderik ez ordezkorik.

Alkate aukeratu ez balute, ezingo zukeen zinegotzi izan; zinegotziena beste lehia bat delako, egun berean egiten dena baina alkatearenarekin zer ikusirik ez daukana. Alkate aukeratu dutenez, Ordezkarien Ganberan daukan aulkia utziko du. Boiseko ardura nagusia duenez, hiriburuan bizi diren 200.000 herritarren bizitza kalitatearen gaineko ardura hartu beharko du Bieterrek; eta, horretarako, 115 milioi dolar inguruko aurrekontua izango du, urtean 92.000 dolarreko soldata etxeratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.