David Cameronek Erresuma Batuko hezkuntza aldatuko du, «gizartea konpontzeko»

«Arduragabeei laguntza sozialak jasotzea ukatzen dien legea» onartuko duela iragarri du lehen ministroak

Jon Fernandez.
2011ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko gizartea «hautsita eta moralki suntsituta» dago, David Cameron lehen ministroaren arabera, eta «gizartea konpontzeko kontraeraso soziala» iragarri du. Datozen asteetan Londresko gobernuak bere politikak aztertu eta egokitu egingo dituela adierazi du. Hezkuntza sisteman aldaketak egingo dituela jakinarazi du, besteak beste.

Diziplina balio garrantzitsu gisa nabarmendu nahi du Cameronek hezkuntza sisteman. «Diziplinari garrantzia eman izan dioten ikastetxeak dira egun Erresuma Batuko onenak, eta posible da politika hori gainontzeko ikastetxeetara ere hedatzea».

Zerbitzu sozialen sistema ere aldatu gura du lehen ministroak. Iragan astean istiluetan ibili ziren gazteei eta haien familiei laguntza soziala jasotzeko eskubidea ukatu nahi die. «Arduragabeei laguntza sozialak jasotzea ukatzen dien legea» agindu du Cameronek, eta, horretarako, langabezia zerbitzua kobratzeko baldintzak gogortuko ditu. Gainera, 2015erako, herrialdeko 120.000 familia gatazkatsuenen egoera aldatuko duela hitzeman du.

Bestalde, Theresa May Barne ministroak gaur jakinaraziko du zein den gobernuak Poliziaren funtzionamenduari emango dion «erabateko aldaketa». Mozketak mantendu arren, agente gehiago jarriko dituzte kalean, eta botere gehiago emango diote Poliziari.

Bankarien diru gosea

Edward Miliband buruzagi laboristak istiluak sortu dituztenen maila berean jarri ditu bankariak eta parlamentariak. «Bankariek milioiak irabazi dituzte, herritarren aurrezkiak ezerezean geratu dira eta parlamentariak trafiko xehean ibili dira dietekin. Ez dute moralik». Erresuma Batuko indarkeria bolada «balioen krisiak» ekarri duelakoan dago Miliband.

Londresen 150 lagun gehiago atxilotu zituen atzo Poliziak, eta2.000 baino gehiago dira jada herrialde osoan atzemandakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.