Iraken etorkizuna, dolarraren maila egonkortzea eta munduko merkataritzaren liberalizazioa dira atzo hasita heldu den igandera arte Davosen (Suitzako mendebaldea) mundu osoko 30 gobernuburu eta orotara 2.000 bat buruzagi politiko zein ekonomialari egiten ari diren Munduko 34. Ekonomia Foroaren ardatz nagusiak.
Iraken geroa eztabaiden muinean izango den arren, atzo jakin zen AEB Ameriketako Estatu Batuek Bagdaden duten administrazioko buru Paul Bremer azkenean ez dela Davosera joango. Ez zuen horren zergatirik eman. Haatik, datorren larunbatean AEBetako presidenteorde Dick Cheney espero dute bilkuran parte hartzeko. Nolanahi ere, Foroa hasi baino ordu batzuk lehenago Erresuma Batuko Atzerri ministro Jack Strawk NBEri eskatu zion Irakera itzultzeko. Irakiarrei subiranotasuna itzultzeko Washingtonek eta Londresek gidatzen duten koalizioak abiatutako prozesua impasse-tik ateratzen laguntzeko deia egin zuen Strawk.Halako bilkuretan ohi denez, segurtasun neurri zorrotzen artean eztabaidatuko dute Davoseko eski estazioan egunotan bilduko direnek. Ehunka poliziakidez gain, 2.000 bat soldadu ere arituko dira gunea zein inguruak zaintzen. Badaezbada ere, Suitzako Armadak 6.500 soldadu mugiarazi ditu, baina gehienak erreserban daude. Duela lau urteko bileran 70 izan ziren mobilizatutakoak. Horrez gain, Davosen inguruan, 46,3 kilometroko erradioan, hegaldatze murriztuko gunea ezarri dute. Hainbat gerra hegazkinek aire eremua zelatatuko dute eta Suitza eta Austriako mugan radarrak paratu dituzte.
Oparotasunean eta Segurtasunean Kideak lelopean abiatu zen Foroa ofizialki. Iaz Konfiantza Eraiki izan zen goiburua, baina adituek diote orduan agertutako asmo onak ez direla bete, eta finantza arloko eskandaluak berriz gertatzea ez dutela eragotzi.Aurten Irango presidente Mohammad Khatamik zabaldu zuen ofizialki bilkura. Bamen berriki izandako lurrikararen ondorioak eta Irango programa nuklearraren ikuskatze lanak izan zituen hizpide, besteak beste.AEBetako presidente ohi Bill Clintonek, bere aldetik, «eginahal sistematikoa» eskatu zien parte-hartzaileei, «globalizazioak denei mesede egiteko, eta, bereziki, garapen bidean diren herrialdei». Azaldu zuenez, munduko zenbait arazo ekonomiko zein soziali aurre egiteko sistemen gabezia dute herrialde aberatsek. «Ez gaude antolatuta; ez ditugu modu globalean finantzaketak egoki egin eta garapen bidean den esparruan ez dugu garatzeko gaitasuna sortu».Bestalde, Israelgo Parlamentuko diputatu Avraham Burgek eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko ministro Jasser Abed Rabbok Ekialde Hurbileko gatazka konpondu nahian bi aldeetako eragileek ondutako Genevako Akordioa azaldu zuten.
MUNDUKO EKONOMIA FOROA
Davoseko Foroa abian, Irak eta liberalizazioa ardatz
Bagdadera bueltatu eta burujabetza itzultzen laguntzeko eskatu dio Londresek NBEri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu