Joan den asteko ostegunean adostu zuten su-etena Ukrainak, Errusiak, Alemaniak, Frantziak eta milizia errusiazaleetako ordezkariek, eta igandeaz geroztik da menia indarrean. Borrokak baretu egin diren arren, Debaltseve hiria da gatazka gune nagusia igandeaz geroztik.
Ukrainako Defentsa Ministerioak onartu du matxinoek kontrolpean dituztela hiriko hainbat eremu, eta jakinarazi Ukrainako armadako soldadu ugari preso hartu dituztela.
Debaltseveko borroken harira, su-etena apurtu izana egotzi die Valeri Txali Ukrainako Gobernuko bozeramaileak Errusiari eta milizia errusiazaleei: "Tamalez, ez Errusiak ezta Donetsk eta Luganskeko Herri Errepublika deiturikoek ere ez dituzte akordioak bete". Su-etena ez betetzearen ondorioez ohartarazi du.
Txalik ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko kide diren estatuei eskatu die "protesta irmoa" egin dezatela, ikuskaritza lanak egiteko zailtasunen aurrean. Minskeko akordioen betetze maila ESLAk gainbegiratzea adostu zuten itun horretan.
5.000 lagunetik gora hilik
Hamar hilabete dira Ukraina ekialdean gatazka piztu zenetik, eta denbora tarte horretan 5.665 pertsona hil direla jakinarazi du Nazio Batuen Erakundeak. Rupert Colville NBEko Giza Eskubideen Bulegoko bozeramailearen arabera, epe horretan 13.961 izan dira zauritutakoak.
Datozen egunetan kopuru horrek gora egitea espero dute NBEk eta Osasunaren Mundu Erakundeak.