IRAKEKO OKUPAZIOA

Defentsa Ministerioan sunita bat eta Petroliokoan xiita bat jarri dituzte

Bagdaden, 22 lagun hil dira eta beste 54 zauritu, gutxienez, bi bonba-autok eztanda egin ostean

Erredakzioa
2005eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Gobernuak joan den apirilaren 28an erabat osatu gabe utzi zituen bost ministerioetako kargudunak izendatzeko akordioa lortu zuten atzo. Saadun al Dulaimi sunitaren esku utzi dute Defentsa Ministerioa eta Petrolioarena, aldiz, Ibrahim Bahr al Ulum xiitaren ardurapean. Zehaztu gabe zeuden beste hiru ministroen izenak eta bi gobernuburuordeak gaur emango ditu ezagutzera Ibrahin al Jaafari lehen ministroak. Legebiltzarrak berretsi beharko ditu izendapenak gaur. Bagdaden, anartean, bi bonba-auto zartarazi zituzten atzo eta 22 lagun hil eta 54 zauritu ziren.

Garrantzia handia duen Defentsa Ministerioa Saadun al-Dulaimi sunitaren esku utzita, herrialdean gutxiengoan dauden baina Saddam Hussein presidente ohiaren agintaldian boterean ziren etniaren kexak baretu nahi izan dituzte egungo agintariek. Era berean, ustez sunitek sustatzen duten erresistentzia armatuari aurre egiteko lagungarria izango delakoan egin dute, ziur aski, aukera hori agintariek. Gaur izendatuko dituzten bi gobernuburuordeetatik bat ere sunita izango da.Irak osatzen duten gizataldeen arteko oreka aintzat hartu nahi izan dute, antza denez, agintariek. Herrialdearen ondasun eta diru iturri nagusia da petrolioa. Sail horren ardura noren esku geldituko zen erabakitzeko zailtasunak izan dituzte. Ibrahim Bahr al Ulum xiitaren esku utzi dute azkenean kargu hori. Giza eskubideen ministroa Hashem Abderrahman al Shibli sunita izango da eta Argindarrena, berriz, Mohsen Shlashe xiita, Bi izendapen horiek baieztatu gabe zeuden atzo iluntzean.Indar politikoen aldetik, nekearen nekez baina, adostasun bat lortu bada ere, herrialdeak bizi duen indarkeria egoerari ez diola inolako barealdirik ekarri dirudi, alderantziz baizik. Gobernua osatu zenetik, duela hamar egun, odola erruz isuri da erresistentzia indarrek burututako eraso eta atentatuen ondorioz. Orotara 300 lagunetik gora hil dira orduz geroztik. Atzoko eguna ez zen salbuespena izan. Bagdaden, gutxienez, 22 lagun hil eta beste 54 zauritu ziren bi bonba-auto leherraraztean.Bi autoen leherketak gune berean gertatu ziren, hots, hiriburuko erdialdeko Tahir plazatik hurbil.Lau autoz osatutako konboi bat igarotzen zen unean zartatu zituzten bi bonba-autoak. Jomuga ziren autoetatik bi erabat suntsituta gelditu ziren. Erasoak kalte handiak eragin zituen inguruetan ere. Abu Mussab al Zarkaui talde islamistako arduradunaren taldeak hartu zuen bere gain atentatua, atzo arratsaldean bertan webgune batean zabaldutako agiri batean.Ameriketako Estatu Batuetako enpresa batentzat lan egin zuten atzerritarrak joaten ziren autoetan. AEBetako enbaxadako eledun Adam Hobsonek zehaztu zuenez, hildakoetako bi estatubatuarrak ziren. Kalean zeuden hogei zibil irakiar ere hil zirela leherketan gaineratu zuen enbaxadako bozeramaileak. Zaurituta geratu ziren 54 lagunen artean, berriz, autoa zartatu zen inguruko eskola bateko bost neska zeuden.

Gorpuak, sunitenak

Bagdad iparraldean kokatua den Kisra Ua Atash herriko zabortegian herenegun aurkitu zituzten gorpuak sunitenak direla jakinarazi zuten atzo. Giza taldeen arteko mendekuak areagotu daitezkeelako kezkak piztu dira.

Suaiara hiriko merkatu batean, ostiralean ere, lehertutako bonba-autoak eragindako hildakoen kopurua murriztu zuten atzo. Osasun zerbitzuetako arduradunek zehaztu zuten atentatu honetan 31 lagun hil zirela eta beste 34 zauritu. Lehenago eman zen balantzean, aldiz, leherketak 58 lagun hil eta beste 45 zauritu zituela iragarri zen.Al Zarkauiren taldeak, bestetik, bere gain hartu zituen herenegun hiriburuan izandako leherketen erantzukizuna. Irakeko segurtasun indarrek joan den apirilaren amaieran talde horretako goi arduradun bat atxilotu zutela eman zuten jakitera atzo.Irak mendebaldean kokatua den Raua herrian atxilotu zutena Ghassan al Raui zela zehaztu zuen atzo Barne Segurtasunerako Ministerioak. Raui eskualdeko ekintzaile taldearen arduraduna zela eta Al Zarkaui buruzagiarekin loturak zituela ziurtatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.