Munduan inoiz baino palestinar gehiago bizi dira egun: 11,22 milioi lagun, hain justu. Horietatik 4,23 milioi baino ez dira bizi Gazan (1,6 milioi) eta Zisjordanian (2,6); Israelgo Estatuan, berriz, 1,37 milioi bizi dira, beste 4,99 milioi herrialde arabiarretan, eta 636.000 inguru munduko beste herrialde batzuetan. Palestinako Estatistika Bulego Zentralak eman ditu datuak, eta ondorio nagusia argia da: palestinarrak gero eta gehiago dira, eta juduak baino gehiago izan daitezke laster. «Erresistentziaren demografia» deitu izan diote batzuek, «mehatxu demografikoa» beste batzuek, baita «bonba demografikoa» ere.
Arrazoi erlijioso, kultural eta politikoek ez ezik, arrazoi demografikoek ere pisu handia dute Israelen eta palestinarren arteko gatazkan. «Israelgo Estatistika Departamentuaren iazko aurreikuspenen arabera, 2015erako palestinar eta judu kopurua 6,3 milioinakoa izango da egungo hazkunde tasak hala jarraitzen badu», dio txostenak. «2020rako, berriz, Palestina historikoan 7,2 milioi palestinar biziko dira, eta 6,8 milioi judu».
Jatorrizko proportziorantz
Joerak aspaldidanik dauka larrituta Tel Aviv, eta kontrako neurriak ere hartu izan ditu. Baina ez harresiek eta ez nazioarteko juduen immigrazioak ez dute lortu palestinarren gorakada geratzerik. Areago, 2047an, NBEk Palestina historikoaren banaketa egin eta ehun urte geroago, mende bat lehenagoko proportzio berera iritsiko direla espero da: %65 arabiarrak eta %35 juduak.
«Israelek eduki dezake bonba atomikoa. Baina guk emakume palestinarren umetokiak dauzkagu, hark bezainbesteko bonba indartsua sortzen dutena, bonba demografikoa». Jaser Arafatek 1980ko hamarkadan esan zuen. Israelentzat berebizikoa da juduak biztanleriaren gehiengoa izatea; horregatik, mehatxu gisa ikusten du bertan bizi diren palestinarren %37,5 hamabost urtetik beherakoak izatea eta jaiotza tasa ere eurena baino altuagoa izatea.
Demografia, borrokarako arma
Munduan 11,22 milioi palestinar daude, eta, gorako joerari eutsiz gero, 2020rako Palestina historikoan gehiago izango dira arabiarrak juduak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu