Alderdi Demokrataren lehiak gutxienez beste bi aste iraungo du Hillary Clintonek Pennsylvanian Barack Obama alde txikiarekin garaitu ondoren. Alderdiko buruzagiek gogo txarrez hartu dute herritarren erabakia, bi aurkarien arteko borrokak azaroko presidentetzarako bozei begira demokratak ahuldu egingo dituelako. Pennsylvanian asteartean egindako hauteskunde primarioetan hautagai bakar batek ere ez du helbururik lortu. Clintonek garaipen handia behar zuen, Obamaren abantailadeuseztatzeko. Illinoisko senatariak, berriz, lehia erabakita utzi nahi zuen, behingoz estatu handi batean irabazita. Garailerik ez da izan, bada, baina galtzailea litekeena da Alderdi Demokrata izatea.
Hillary Clintoni, bederen, Etxe Zuriarekin amesten segitzeko bermea eman dio Pennsylvaniako sostenguak. Galdu izan balu, irabazteko aukera apurrak desagertuta, amore ematera derrigortuta zegoen ia. Izan ere, Alderdi Demokratako buruzagi askok bien arteko borroka amaitzeko eskatu dute azken egunetan, John McCain Alderdi Errepublikanoaren hautagaiari abantaila handiagoa ez emateko.
«Demokratek irabazteko beharra duten estatuetan irabazi dut», adierazi du Clintonek, «oso garaipen handia eta gozoa izan da». Argudio horrekin azaldu dio alderdiari presidentetzarako bozetan McCaini aurre egiteko egokiena bera dela. Obamak estatu handienetan irabazteko agertu duen ezintasuna nabarmendu du. Texasen, Ohion, New Yorken, Kalifornian eta New Jerseyn ere Clinton gailendu da, eta lurralde horietan irabaztea erabakigarria izan liteke demokratentzat Etxe Zuriko agintea berreskuratzeko. «Zergatik ezin du irabazi [Obamak] halako estatu batean?», galdetu du Clintonek.
Kanpaina egin ahal izateko Obamak finantza ahalmen handiagoa izatea deitoratu du gero New Yorkeko senatariak. Pennsylvanian irabaztearekin batera 2,5 milioi dolar gehiago eskuratu ditu aurrera egiteko, baina jarraitzaileei babes ekonomiko sendoagoa eskatu die. «Duen finantza abantaila aintzat hartuta, zergatik ezin du oraindik [Obamak] lehia erabakita utzi?». Ahalegin ekonomikoak inkestek iragartzen zioten %20ko desabantaila hein handi batean murrizteko balio izan dio Obamari, eta %10 boto gutxiago izan ditu azkenean. Clintonek %55eko babesa erdietsi du, eta Obamak %45ekoa.
Obamak aldea murriztea lortu duela nabarmendu du. «Kanpainan boto-emaileen mugarria ezarri dugu, eta horiek alderdia garaipenera eramango dute azaroan». Beste hauteskunde gauetan egin bezala, Ameriketako Estatu Batuetako herritarrek erakutsi ei duten aldaketarako nahia goraipatu du. Haren hitzetan,gerran eta atzeraldian sartuta dago herrialdea.
Inkesten arabera, emakumeek, 50 urtetik gorako hautesleek eta hezkuntza maila txikia duten herritarrek emandako botoan errotu da Clintonen garaipena. Obamak, bestalde, beltzen artean, 45 urtetik beherako gazteen artean eta lehen mailako ikasketa titulua dutenen artean lortu du boto kopuru handiena. Hortaz, aurreko bozetako joera bera hartu dute hautesleek. Ekonomiaren egoerarekin kezkatuta joan dira botoa ematera Pennsylvanian. AEBak atzeraldian daudela esan dute %90ek.
INDIANAN HURRENGO MUGARRIA . «Haizea orain nire alde dago», adierazi du Clintonek. Erraz amore ematen ez duen pertsona dela erakutsi du, eta adore guztiaren beharra izango du, gainera. Izan ere, lehiari eusteko, Pennsylvaniaren ostean Indianan ere irabaztea ezinbestekoa jotzen dute haren aholkulariek. Maiatzaren 6an kanpainaren benetako astearte handia izango da, itxura guztien arabera. Ipar Karolinan eta Indianan egingo dituzte bozak. Inkestei jarraiki, Hego Karolinan aise irabaziko du Obamak eta ordezkari asko batuko ditu. Horregatik, Clintonen aholkulariek diote Indianan nagusi izan behar duela.
Litekeena da superordezkariek abuztuko alderdiaren biltzar nazionalean aukeratzea hautagaia. Clintonek aukera izan nahi badu, funtsezkoa du garaipen handiak kateatzea. Phil Bredesen Tenneseeko agintari demokrataren ustez, «elkarri erasotzen jarraituko dute biek eta inork ez du irabaziko».
«Demokratek irabazi beharra duten estatuetan irabazi dut; oso garaipen handia eta gozoa izan da»
Hillary clinton
Alderdi demokratako hautagaia
«Kanpainan bot0-emaileen mugarria ezarri dugu, eta horiek alderdia garaipenera eramango dute azaroan»
barack obama
alderdi demokratako hautagaia
Demokraten lehia luzatu du Clintonek, Pennsylvanian garaipen estua lortuta
Clintonek ez du lortu behar zuen garaipen handia, eta Obamak estatu handietan beste porrot bat izan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu