Protestak herrialde arabiarretan

Demokrazia ezartzeko eskatu die Erdoganek herrialde arabiarretako buruei

Libia, Siria eta Yemen aipatu ditu zuzenean Turkiako lehen ministroak, eta demokrazia eta askatasuna "ogia eta ura bezain oinarrizkoak" direla esan du.

2011ko irailaren 14a
14:02
Entzun

Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak dei egin die herrialde arabiarretako agintariei, iaz hasi ziren protestak baliatuz, euren herrialdeetan demokrazia ezartzeko. "Agintariek herriarengandik jaso behar dute euren zilegitasuna. Bere herria hiltzen duen liderrak ez du zilegitasunik", esan du. Kairon egin ditu adierazpen horiek Erdoganek, herrialde arabiarretan zehar egingo duen itzulian; hortik Tunisiara eta Libiara joango da.

Iaz Tunisian abiatu ziren protestak herrialde arabiarrentzat itxaropen argi izpi bat direla esan du Erdoganek, eta agintariei aldaketaren bultzatzaile izateko eskatu die, "oztopo izan beharrean". "Demokrazia eta askatasuna ogia eta ura bezain oinarrizkoak dira. Tahrir plazatik zabaldutako mezua itxaropen argi izpi bat da Tripolin, Damascon eta Sanan zapaldutakoentzat.

Zehazki Bashar al Assad Siriako presidentea kritikatu du. "Bere herriari tiro egin eta bere hiriak tankeekin erasotzen dituen administrazioaren laguna ezin du inork izan, ezta horrengan konfiantzarik izan ere". Adierazpen horiekin Turkiaren jarrera aldatzen da Sirian, izan ere, hasieran Gobernuaren eta oposizioaren arteko bitartekari lanak egiten saiatu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.