Venezuelako hauteskundeak

Denak dira garaile

Venezuelako igandeko hauteskundeak oso garrantzitsuak dira, eta venezuelar guztiek hala bizi dute. Chavezen jarraipena edo Caprilesen gobernu berria daude jokoan. Bi aldeek garaipena erdietsiko dutela ziurtatzen dute, Nicolas Maduro Chavezen oinordekoaren alde badaude ere inkesta guztiak. Giroa beroa eta urduria da Caracasen. Bideoa: Maduroren kanpainaren hasiera. [YouTube]http://youtu.be/_57eXQ1utOw[/YouTube]

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko apirilaren 10a
21:13
Entzun

Elkarri trapu zaharrak botatzen ari dira kanpainaren azken txanpan Nicolas Maduro eta Henrique Capriles. Bihar esango dituzte esateko guztiak. Chavezen oinordekoa, Nicolas Maduro, herritarren bihotzera iristeko mezuak ematen ari da, kontrarioaren desestabilizazio konplota salatzearekin batera. Henrique Capriles, ilusioz betetako garai berriez, eta gobernuaren ideia faltaz, berak proposatutakoa bereganatzen duela salatuz, mezu iraingarriak zabaltzen.

Alde bakoitzeko komunikabideak garailea euren aldekoa dela iragartzen ari dira, eta bata zein bestea larriago bilakatzen. Bihartik aurrera gogoetarako garaia izango da, baina hemen, Caracasen, ez dirudi deskantsurako tarterik hartuko dutenik. Herritarrek ez behintzat. 

Kalea buila konstantea da. Kartelez betea, musikaz, dantzaz, martxaz eta elastiko postuz. Gorriena batez ere, kalea Chavezena baita oro har, klase ertainetako eta aberatsenetakoetatik kanpo. Chavezen irudia leku guztietan ageri da, hari buruz hitz egiten dute denek. Harrigarria da zenbat bihotz bereganatu dituen gizon horrek, eta zenbatek gorrotatzen duten horrexegatik.

Gaur, 23 de Eneron dago hitzordua; auzo marginalean lanean ari diren kolektiboak agurtuko dituzte Madurok eta gobernuko beste hainbat kidek. Talde sozialek ere beste hitzordu bat egin dute El Venezolano plazan, beren proposamenak jendeari gerturatzeko asmoz, denak Chavezen proiektuari segika. Eta puntu gorriak daude hiriko bazter guztietan. Herritarrak, komunitateetako ordezkariak, misioetakoak eta beste proiektuetakoak, kanpaina egiten. Mikrofonoa hartu eta inprobisatzen.

Egunak ilundu arte irauten du hemen, kalean. Isiltasuna egiten da ondoren. Oraindik ordu batzuetarako dago denbora, nork bere aldarrikapenak egiteko. Bihar da kanpaina amaiera, eta Chavezen aldekoek Caracasko zazpi etorbide nagusiak betetzea espero dute, gutxienez. Egunero dago kaosa metroan. Bihar are gehiago, kolapsatu egiten baita, baina jendeari ez dio axola. Pazientzia handia da, eta denbora horretara egokitzen dute. Beti egongo da denbora egunerokorako.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.