Victor Madrigal-Borloz

"Denbora luzea behar da pertsona baten bizitza berreraikitzeko"

Tortura Biktimak Birgaitzeko Nazioarteko Batzordeko idazkari nagusia da Victor Madrigal-Borloz. Abokatua izanik, ondo ezagutzen ditu tortura salaketak epaitegietaraino eramateko oztopo ugariak eta haien ondorioak: "Justiziarik ez egoteak eta torturak ukatzeak biktimaren sufrimendua areagotzen du".

Victor Madrigal-Borloz. IRCT
arantxa elizegi egilegor
2014ko otsailaren 2a
11:54
Entzun

Nazioarteko giza eskubideen alorrean dago espezializatua Victor Madrigal-Borloz (San Jose, Costa Rica, 1963), eta iazko irailetik IRCT Tortura Biktimak Birgaitzeko Nazioarteko Batzordeko idazkari orokorra da. Izenak berak argi azaltzen duen moduan, mundu osoan lan egiten du erakundeak, tratu txar eta torturen biktima izan direnei laguntzen. Ez da lan makala; izan ere, herrialdeen %90ean torturatzen da, diktadurak edo demokraziak izan.

Zenbait agintarik zuritu egiten dituzte torturak, argudiatuz informazioa lortzeko modu bat direla.

Tortura ez dago inola ere zuritzerik. Gauza bera da zenbait krimenen erantzunak aurkitzeko baliagarria izan daitekeela esanez tortura zuritu edo bultzatzea eta ekonomiarentzat onuragarria dela esanez esklabotza zuritzea. Esklabotzak ekonomiaren gorakada eragiten ez duen moduan, torturak ez ditu krimenak argitzen. Torturaren bidez lortutako edozein froga usteldua dago. Ustela da informazioa biltzeko modu krudelagatik; ustela, froga ez delako inoiz epaitegietan onartuko, eta ustela, inork ez lukeelako inoiz tortura bidez lortutako informaziorik ontzat eman behar.

Gauza jakina da giza eskubideekiko errespetua dela gizarte demokratiko bat eraikitzeko oinarri eta baldintzetako bat. Adierazpen askatasunerako eskubidea, esaterako, ez da erabatekoa izango pertsona bat estatuaren mendekuaren beldur denean. Beste adibide bat da eskubide politikoei dagokiena; hau da, aukeratzeko eta aukeratua izateko eskubidea ez litzateke egiazkoa izango pertsona bat hautu jakin bat egitearen ondorioen beldur balitz.

Estatuak tortura sistematikoki erabiltzen duenean ezin liteke demokraziaz hitz egin. Baina iragan luzea duten demokrazietan ere kontu handiz ibili behar da, egon baitaitezke tortura salaketak: estatuaren lana da dituen baliabideak erabiliz horiek ikertu eta, beharrezkoa balitz, zigortzea, giza eskubideekiko errespetua zalantzan gera ez dadin.

Zer da tortura? Nola ezagut liteke?

NBEren arabera, estatuko agintariek edo haien onespenarekin eta helburu jakin batekin eragindako min psikiko edo fisikoa da tortura. Torturak sufrimendu fisiko nahiz psikologikoak eragiten ditu. Teknika gehienen helburua da biktimari beldurra eta mina eragitea ahalik denbora epe luzeenean, eta arrastorik utzi gabe. Tortura fisikoak eragiteko gehien erabiltzen diren metodoak dira jipoiak, elektrizitate deskargak, luzatzeak, itolarria, erretzea, bortxaketak eta sexu erasoak. Tortura psikologikoan erabiltzen direnak, berriz, bakartzea, mehatxuak, umiliatzea, gezurrezko exekuzioak, atalen bat moztuko diozula sinetsaraztea edota besteei eragindako torturak ikusaraztea.

Nola froga dezake biktima batek torturatua izan dela?

Tortura identifikatzea zaila izan daiteke kasu batzuetan. Hala ere, badira moduak banako bati eragindako tortura identifikatu eta haren ondorioak frogatzeko. Horiek aldatu egiten dira eragindako torturaren arabera. Noski, lehenik eta behin arrastoak aurkitzeko saio bat egin behar da. Baina torturaren aurka aritzen garen erakundeen arazo nagusia da ez dela ohikoa egileen aurkako froga nahikoak aurkitzea. Tortura kasu asko ez dira epaitegietara iristen, biktimaren zauriak ez direlako behar bezala dokumentatuak izan. Ondorioz, torturatzaileak gutxitan egiten dira krimenen erantzule.

Arazo horri erantzuteko, hamabost herrialdetan lan egiten duten berrogei erakundetako 75 adituk garatu dute tortura eta tratu txarrak ikertzeko galdetegi berezia, Istanbulgo Protokoloa izenez ezagutzen dena. Protokolo horrek azaltzen du zehatz-mehatz zein diren mediku eta legegileek jarraitu beharreko pausoak torturaren arrastoak identifikatu eta epaitegietan erabili ahal izateko.

Zuen lanetako bat da tortura kasuak dokumentatzea, baina zein helbururekin?

Dokumentazio lana garrantzitsua da oso, ahalbidetu dezakeelako horiek epaituak izatea eta, bide batez, epaileek baiestea torturak egon direla eta horiei lotutako erantzukizunak argitzea hiru oinarrizko eskubideez baliatuta: egia jakiteko eskubidea, irtenbide eraginkor baterako eskubidea eta kalte-ordainak jasotzekoa.

Egia jakiteko eskubideak jasotzen du torturak zergatik eta nola gertatu ziren, epaitegietan argitzeko biktimaren eskubidea. Maiz gertatzen da pertsona batek tortura salaketa jartzea baina bere kasua inoiz ez argitzea. IRCT ziur dago biktimaren mina eta sufrimendua areagotzen duela torturaren ukatze horrek.

Bigarren eskubidea da irtenbide eraginkor baterakoa. Nazioarteko giza eskubideen arabera, edozeinek du tortura salaketa bat epaitegi independente batera eraman eta hari buruzko epaia jasotzeko eskubidea. Hori epaitegietako irtenbide gisa ezagutzen da, eta haren eraginkortasuna aurkezten diren frogen fidagarritasunaren araberakoa da.

Azkena da kalte-ordainak jasotzeko eskubidea; horren barruan jasotzen da birgaitzeko eskubidea ere. Eta, noski, tortura kasuak dokumentatuz eta bizirik irten direnen istorioak jasoz erakusten dugu jendeak aurrera egin dezakeela, eta torturatuak izan direnek babesa jaso dezakete, baita beste batzuei lagundu ere euren istorioak kontatuz.

Esan berri duzu biktimek badutela birgaitzeko eskubidea, baina nola ziurta daiteke hori?

Birgaitzeko eskubidea bermatzea erronka handia da, baina badira baliabideak eta tresnak biktimek beharrezko tratamendua jasotzen dutela bermatzeko. Torturak eragin suntsigarria du jasaten duen banakoan baina baita haren gertukoengan eta komunitate osoarengan ere. Erakundeko zentroek zerbitzu holistikoak dituzte, ez bakarrik torturatuak izan direnen eskubide eta beharrak asetzeko, baita haien gertukoenak ere.

Bestetik, alor politikora jotzen badugu, estatu guztiek tortura debekatu behar dute, eta nazioarteko akordioak berretsi, zehazki NBEren torturaren aurkako hitzarmenak, protokoloak eta Eskubide Zibil eta Politikoetarako Nazioarteko Hitzarmena, eta horiek guztiak euren legedian barneratu. Horrek, ordea, ez du egoera aldatuko, baldin eta estatuek betearazten ez badute.

Datu zehatzik badago munduan torturatuak izan direnen inguruan?

IRCTko buru eta NBEko torturarako begirale izandako Manfred Nowaken arabera, «tortura erabiltzen dute munduko herrialdeen %90ek, txiki edo handiak izan, demokraziak edo diktadurak izan».

Dena den, ezinezkoa da esatea zenbat jende izan den torturatua. Baina Amnesty Internationalen iazko txostenaren arabera, 112 estatutan erabiltzen dute, eta, beraz, milioika izan daitezke biktimak.

Nola lagundu ahal zaio torturatua izan den pertsonari?

Birgaitzearen helburua da torturatua izan den pertsona, ahal den neurrian, bere betiko bizitzara itzultzea. Denbora luzea behar da duintasuna suntsitu dioten pertsona baten bizitza berreraikitzeko, baina baita euskarri material, mediko, psikologiko eta sozialak ere.

Erakundeek eskaintzen duten tratamenduak bere gain hartu behar ditu alor fisikoa zein psikologikoa. Horrez gain, garrantzitsua da kontuan hartzea biktimaren beharrak, arazoak, itxaropenak, ikuspegiak eta kultur erreferentziak. Nazioarteko Batzordeko kide diren birgaitze zentroek normalean diziplina ugariko sostengua eta aholkularitza eskaintzen dute, besteak beste, psikoterapia, traumentzako tratamenduak, lege aholkularitza eta gizarteratze zerbitzuak. Errefuxiatu eta asilo eskatzaileen kasuan hizkuntza klaseak ere eskaintzen dizkiete, baita etxea eta lana aurkitzeko laguntza ere. Baina gure lana askoz ere haratago doa.

Torturatua izan den pertsona itzul daiteke bizimodu normala izatera?

Nahikoa da gure webgunean jasotzen ditugun testigantzak irakurtzea ulertzeko zer-nolako onurak dituen birgaitzeak. Lagundu dugun jendeak esperientzia sinesgaitzak eta izugarri krudelak bizi izan ditu. Izugarrizko ahalegina egin dute eurek eta zentroek guk bizimodu normala deitzen dugun hori berreskuratzeko. Baina lor daiteke. Jasotako azken kontakizunetako bat da Tibeteko Damchoe monjarena, zeina sei urtean derrigortu zuten beretzat oker zegoen guztia egitera. Jipoiak, berreziketa, irainak eta behartutako lanak egin behar izan zituen Txinako agintariek derrigortuta. Tibeteko gure lankideei esker, Damchoek bere esperientzia gainditu ahal izan du, eta giza eskubideen alde lanean jarraitzen du gaur egun.

Hor dago Veli Saçiliken kasua ere, zeinak besoa galdu zuen Turkiako kartzela batean eragindako tortura eta tratu txarren ondorioz. Gaur egun, oraindik harekin lanean jarraitzen dugu, baina, lankideei esker, etxebizitza bat aurkitzeko gai izan da, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzeko aukera aztertzen ari da, kalte-ordainak jaso ahal izateko. Zentroaren laguntzarik gabe ziurrenik ez zen horren urrun helduko.

Zuen leloa da posible dela torturarik gabeko mundu bat eraikitzea, baina nola?

Ez da lortzen erraza den helburu bat, baina posible bai, posible da. Birgaitzearen bidez, justizia denentzat eskuragarri jarriz, prebentzioaren bitartez eta ezagutza partekatuz torturatik urruntzen joango gara. Biktimek euren bizimoduaren ardura hartu ahal izango dute, eta egunez egun hobetuz joango dira. Torturatzaileek jabetu behar dute mina eragin dutela eta ohartu behar dute horrek zigorra duela. Eta estatuek aitortu behar dute torturatu egiten dela, eta hori amaitzeko neurriak hartu.

Borroka luzea dago oraindik torturarik gabeko mundu bat lortzeko, baina zilegi da. Eta giza eskubideen defendatzaileen lanari esker, ikuspegi hori zabalduz doa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.