Zilegitasunaren Babeserako Batasunak desobedientzia zibilerako deia egin du, eta, horretarako, hainbat bideri jarraituko dietela iragarri du. Besteak beste, estatu kolpea babesten duten hedabideak eta "kolpea finantzatzen duten herrialdeetako produktuak" boikotatzeko eskatu diete euren jarraitzaileei. Horrez gain, "ekintza baketsuak" antolatzen jarraituko dutela jakinarazi dute.
Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta Kuwait dira armadak Mohamed Mursi presidentea kargugabetu ostean Egiptori laguntza ekonomikoa eman zioten herrialdeetako batzuk: guztira, 12.000 milioi dolarreko laguntza jaso zuen Egiptok.
Egipton "gatazka sektarioaren giroa" arnasten dela adierazi du talde horren bozeramaile batek, eta horrek Poliziaren jarduera baimentzen duela salatu du. Horrez gain, Poliziari egotzi dio Mursiren aldeko 36 atxiloturen eta Sinai eskualdean hil ziren 24 polizien heriotza. Polizia etxe, eliza eta egoitza publikoen aurka egindako erasoak ere gaitzetsi ditu. Era berean, giza eskubideen erakundeei krimenak Egiptoko Justiziaren aurrean salatzeko eskatu die.
Mursiren aldeko 36 atxilotuen heriotzari dagokionez, Egiptoko fiskaltzak bi polizia atxilotzeko agindu du. Barne Ministerioaren arabera, auzitegiko txostenaren arabera polizien furgoi batean itota hil ziren 36 lagunak, negar gasa erabiltzearen ondorioz. Ospitalean tratamendua jasotzen ari diren bi zauritu ere deklaratzera deitu dituzte. Hildakoen senitartekoek, berriz, gorpuetan "tortura zantzuak" ikus daitezkeela salatu dute, eta jakinarazi dute gorputegikoek ez dietela euren senitartekoak ikusten utzi, itota hil zirela onartzen ez duten artean.
Erdogan: "Israel dago estatu kolpearen atzean"
Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak baieztatu du Israel dagoela Egiptoko estatu kolpearen atzean, eta hori baieztatzen duten dokumentuak dituela. Hala adierazi du Erdoganek bere alderdiko zenbait buruzagiren aurrean egin duen hitzaldian. Egipton gertatzen ari den "errepresioa" eta "Abdel Fatah al-Sisiren erregimen diktatoriala" kritikatu ditu Erdoganek, eta, era berean, zenbait herrialde islamistAk Mursiren kargugabetzean hartutako "jarrera epela" deitoratu du.
Badie buruzagi espiritualaren atxiloketa
Apartamentu batean zegoen Mohamed Badie atxilotu dutenean, Raba al-Adauija meskitatik gertu. Meskita horretan zeuden kanpatuta Mursiren aldekoak, Egipton uztailaren 3an militarrek eman zuten estatu kolpearen aurkako protestan, gobernu militarrak joan den asteazkenean kanpalekua hustu eta istiluak hasi zirenean. Azken aldiz han ikusi zuten Badie, uztailaren 5ean, eta ondokoa esan zien bere jarraitzaileei: "Gure iraultza beti izan da eta izango da baketsua. Gure bakezaletasuna haien balak eta tankeak baino indartsuagoa da". Badie atxilotuta, Anaia Musulmanek behin-behineko lider espiritual berria izendatu dute, Mahmud Ezat.
Orain badirudi egia dela. Argazki eta guzti, #Badie atxilotuta http://t.co/rNlXGYBZdk
— Ane Irazabal (@AneIrazabal) August 20, 2013
Atxiloketa gaur goizaldean izan da. 70 urte ditu, eta albaitaria da lanbidez. Ekainean meskita horren aurrean Mursiren aurka manifestatzen ari ziren zortzi lagun hiltzea leporatuta atxilotu dute, baina, albiste agentzien arabera, litekeena da fiskalak kargu gehiago aurkeztea haren kontra. Abuztuaren 25ean eramango dute epailearen aurrera, atxilotuta dauden Anaia Musulmanen beste buruzagi batzuekin batera. Anaidiak atzo esan zuen azken hiru egunetan 400 buruzagi atxilotu dituztela. Aurreko astean, amorruaren ostiralean, Badieren semea, Ammar, protestetan hil zen, Ramses plazan. Ofizialki 900 dira bost egunetan hildakoak.
Abdel Fattah el-Sissi armadako buruzagiak, herenegun egindako adierazpenen ondoren, AEBek eta NBEk Anaia Musulmanak ez ilegalizatzeko eskatu du. Armadako buruak igandean esan zuen ez zuela onartuko inork "herrialdea suntsitzerik". AEBek eta NBEk "trantsizio politikoan guztiek parte hartzearen garrantzia" nabarmendu dute. Anaia Musulmanak, ordea, hauteskundeak irabazita gobernuan egotetik ia klandestinitatera pasa dira, eta asko espetxean dira. Gehad al-Haddad bozeramaileak esan zuen Anaidiko buruzagiek apartamentuetan gorde behar izan dutela, "atxiloketa politikoak" saihesteko.