Dibortzioaren ajeak

Zatiketak ondorio kaltegarririk izan bazuen, horrek ijitoengan izan zuen batez ere. Haien bizi-baldintzak asko okertu diraeta erreformek gehien eragin dien populazioa da. Beste herritarrek ijitoen inguruan zituzten aurreiritziak indartu egin dira

AINARA MENDIOLA - BRATISLAVA
2004ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Danubioak zeharkatzen duen Bratislava hiria Txekoslovakiako ahate itsusia izan da historikoki, baina, Txekiak bezala, zisne bihurtu nahi du. Txekia eta Eslovakia batuta zeudenean ere, lehena zen garatuena, eta zatitu zirenean, 1993an, Pragaren esku geratu ziren industria gehienak. Europako Batasunean sartzeko, erreforma asko egin behar izan ditu Eslovakiak, beste herrialdeek bezala, eta kide berrien artean bigarrena da langabezia tasari dagokionez: %19,4koa du.

«Eslovakia ez dago hain gaizki ekonomikoki. Polonia eta Txekia ekonomia sendoagoak dira eta haiek ere arazo asko dituzte», dio Anna Agostonovak (23, ikaslea). Safarikovo kalean dago, lagun batekin, Danubioaren gainetik igarotzen den zubietako baten ondoan. Hala ere, EBren diru laguntzen beharra aitortu du: «Herrialdeak arazo asko ditu, eta EBren egitura funtsek konpontzen lagun dezakete. Diru bitarteko gehiago izango genituzke, eta, agian, ijitoen arazoa konpontzen ere lagunduko digu».

Txekiarekin batera, Txekoslovakia osatu zuen Eslovakiak 1918tik 1993ra, Belusezko Dibortzioa gertatu zen arte. Tartean, Bigarren Mundu Gerran, Alemania naziaren protektoratu izan zen. Inperio Austro-Hungariarrean magiarren (hungariarrak) menpe egon ziren eslovakiarrak, eta Txekoslovakian Txekiak indar handiagoa izan zuen. Hala ere, beren nortasunari eutsi diote.

«Txekoslovakia zatitzea egokia izan zen, bi nazionalitate baitzeuden. Gainera, txekiarrek botere handiagoa zuten», Pavol Holejen iritziz (17, ikaslea). «EBko kide izateak beste herrialde batzuetara bidaiatu eta dirua egiteko bidea emango digu, baita beste herrialde batzuetako jendea ezagutzeko eta lagunak egiteko ere». Arratsaldea da. Bezperako euritearen ondoren, lainotuta dago Bratislava, eta haizea hotza da Danubioaren gainean. Manika Tornanyova (aktorea) ezker eskua belarri parean duela dator Safarikovo aldera. Sakelako telefonoz hitz egiten ari dela dirudi, baina haizetik babesten ari da ilea, besterik gabe. Txekian jaio zen, baina aitak Eslovakian lana aurkitu eta familia Bratislavara etorri zen bizitzera. Txekoslovakia zatitzeak ondorio kaltegarriak izan dituela uste du: «Orain bi errepublika txiki gara. Lehen Txekian zerbait falta bazen, Eslovakiak eskaintzen zuen, eta alderantziz». Hala eta guztiz ere, senidetzat daukate elkar: «Txekiaren eta Eslovakiaren arteko partida bateko finalera joan nintzen iaz, eta zaleek 'Txekoslovakia, Txekoslovakia' oihukatzen zuten». Nabari da aktorea dela. Keinu asko egiten ditu eskuekin eta aurpegiarekin. Pozik dago eslovakiarra ez den norbaitekin hitz egiteko aukera duelako. «Parisen bizi izan nintzenean asko gustatu zitzaidan mundu osoko jendea ikustea. Hemen, Bratislavan, jendeak beltz bat ikusten du eta zera esaten du: 'Hara, beltz bat!'. Harrituta geratzen dira, guztiak eslovakiarrak garelako. Herri txikia da hau, eta kontserbadorea. Agian, ekonomikoki latza izango da guretzat EBn sartzea, baina kulturalki eta jendea ezagutu ahal izateko, oso ona izango da».

Eslovakiaren egoera ekonomikoa ez dela ona dio Jana Bediovak (30): «Egoera ez da oso ona, nahiz eta Gobernuak gero eta hobea dela esaten duen. Langabezia handia da, batez ere iparraldean». Zuzka Molnarovaren iritziz (24 urte), «EBk lantegi batzuk ekarriko ditu Eslovakiara». Beste onurarik ez dio ikusten. Txekoslovakia zatitu izana ez du ulertzen, bestetik: «Anai-arrebak bezala gara oraindik. Ez dakit politikariek zergatik erabaki zuten zatitzea». Peter Sandorrek ere (26, ikaslea) ez du EBn ilusio handirik. «Ez zait askorik interesatzen, ez dakit niri ezertan lagunduko didan Europako Batasunaren barruan egoteak. Ez dut bidaiatzeko beharrik».

Robert Krajna (44 urte, langabea) emazte eta alabarekin zetorren zubitik hirigunerantz. Emaztea eta alaba etxerantz abiatu dira, hotz delako. «Txekoslovakia zatitzea ekonomikoki ez zen onuragarria izan, baina, beste alde batetik, subiranotasuna eta nortasuna berreskuratu genituen. Dibortzioaren ondoren, egoerak okerrera egin zuen, eta 10 urtez berdin jarraitu zuen. Dzurindarekin, aldiz, ekonomiak gora egin du». Independentziaz geroztik bi garai izan dira: 1998 arte, Vladimir Meciarren gobernupean, eta 1998tik hona, Mikulas Dzurinda zentro-eskuinekoarekin. Europako Batasunak eta NATOk bat-egite prozesutik kanpo utzi zuten Eslovakia lehen garai hartan, Meciarren agintaritza autoritariotzat baitzuten. Dzurindak, aldiz, EBren aldeko politika egin du Gobernuan, eta ateak zabaldu dizkiote.

Bazterketa

Tornanyovak beltzei buruz esandakoa baliagarria izan daiteke ijitoen kasuan ere. Nahiz eta ijito edo erroma populazioa aspaldi finkatua izan Eslovakian, azken hamarkadetan erabat baztertuta geratu dira gizartetik, eta gainerako herritarrek ezagutzen ez dituztela diote giza eskubideen aldeko ekintzaileek, aurreiritziak bakarrik dituztela.

Herrialdeko biztanleen %85 eslovakiarrak dira, eta hainbat gutxiengo daude. Oso larria eta konplikatua da ijitoen arazoa. Herrialdeko talde baztertuena da, eta Europako probreenetarikoena. Hungariar edo magiarrak dira beste talde etniko handia, eta ondoren txekiar, alemaniar, poloniar eta ukrainarrak daude. Ekialdean bizi dira ijito gehienak, eta herri askotan populazioaren erdia baino gehiago dira. Datu ofizialen arabera (1989), 253.943 ijito bizi dira Eslovakian, biztanleen %4,8; giza eskubideen aldeko ekintzaileek, berriz, diote 350.000-400.000 direla. Egungo ijito edo erromen arbasoak IX. eta X. mendean Indiatik Persia eta Armeniara emigratutakoak dira, eta XIV-XV.mendeetan Danubioa zeharkatu zuten. Europa mendebaldean ez bezala, erdialde eta ekialdean harrera ona egin zieten herritarrek hasieran. Eskulangile trebeak ziren, baita artistak ere. Industrializazioak eskulan beharra murriztu zuen erabat, eta orduan hasi ziren arazoak. Mundu gerren arteko eta ondoko bazterketa neurriek bizi-baldintzak areago okertu zituzten. 1993an, komunismoa indargabetu eta Txekoslovakia zatitzearekin, ijitoen aurkako aurreiritziak azaleratu ziren. Ijitoak gainontzekoen bizitza publikotik baztertuta daudenez, umeek ez dute eslovakiera ongi menperatzen eta gutxituentzako eskoletan ikasten dute askok. Lan, etxebizitza, osasun-artatze eta ume-zaintza arloetan ere baztertuta daude.Azken hamarkadan, erroma alderdi eta erakunde asko sortu dira. Alabaina, zatituta daude, eta askotan elkarren kontra egiten dute. Zatiketaren eraginez, alderdi horiek ez dute lortzen erakunde publikoetan ordezkapena izateko sostengurik. Otsailean liskarrak gertatu ziren Eslovakia ekialdeko Trebisov herrian. Ijitoek bertako dendak arpilatu zituzten, Gobernuak gizarte laguntzak murriztu zizkielako. Bratislavak Armada eta Polizia bidali zuen Trebisovera eta liskarrak izan ziren. 70 lagun atxilotu eta asko zauritu zituzten. Eslovakiako Gobernuko Ijitoen Arazoetarako komisario Klara Orgovanovak Eslovakiako Gobernuaren jokabidea kritikatu zuen, gizarteratze neurririk ez hartzeagatik. Gertatutakoa orain arteko politiken inguruan gogoeta egiteko baliatu ez izana ere gaitzetsi zuen. Orgovanovak dioenez, Estatuaren politika izan da ijitoak gizartearen aurkako talde kriminal gisa hartzea, ez gutxiengotzat. Bigarren Mundu Gerran, Eslovakiak lan esparru bereziak sortu zituen ijitoentzat, debekatu zien garraiobide publikoak erabiltzea eta herrietara sartzeko eskubidea soilik egun eta ordu jakin batzuetan eman zien. 1958an, Txekoslovakiako Alderdi Komunistak «ijitoen behin betiko asimilazio politika» ezarri zuen. Antzutzeko diru laguntzak eman zituen. Hirietan etxebizitzak eman zizkieten, baina haien izaera etniko eta kulturala ez zen onartzen. 1991n, Eslovakiako Errepublikak onartu zuen ijitoek beste gutxiengoek bezalako eskubideak izatea. Txekoslovakia zatitu zenean, txekiarrak ziren ijito askori Eslovakiako herritartasuna eman zieten eta beren sorterrian atzerritar bilakatu zituzten. 1993an, zenbait herritako agintariek «ijitoei eta beste pertsona susmagarri batzuei» hainbat eskubide ukatu nahi izan zizkieten; Spisske Podhradie herrian adibidez. Eslovakiako funtzionarioen artean ijitoen aurkako jarrera da nagusi, baita komunikabideetan ere. Orgovanovak uste du tokian tokiko agintariek bilatu behar dituztela irtenbideak ijitoen eta bestelako gutxiengoen arazoentzat, eguneroko bizitzan zuzenki eragin dezaketelako, eta gobernu zentralak neurri eragingarriak hartu beharko lituzkeela bazterketa eragozteko.

Sasa Musinka txekiarrak garapen egitasmo batean lan egin zuen Eslovakiako Svinia herrian, ijitoekin. «Bertako herritarrek eta agintariek mitoa bakarrik ezagutzen dute, ez errealitatea», zioen ondoren Erromen Prentsa Agentziak jasotako artikulu batean. Erabateko segregazioa zegoen arlo guztietan: eskolan, elizan, hilerrian leku bereizi bat zeukaten, haurtzaindegia ijito ez zirenentzat bakarrik zen. Bere ustez, ijitoen eta gainontzekoen arteko nahasketa, ezkontzak, dira komunitatea bakartzetik ateratzeko modu bakarra. Ijitoen eta ijito ez direnen arteko harremanen arazo nagusia komunikazioa dela nabarmendu du Musinkak: alde batetik, ijitoek ez dute eslovakiera menperatzen, eskolatze faltagatik, eta, bestetik, erakunde sozialak ijito ez direnen neurrira eginda daude eta ijitoak galduta sentitzen dira.

Mitoa da, hain zuzen ere, Bratislavako herritarrek ijitoei buruz galdetzean ematen duten deskribapena: «Ume asko izaten dituzte diru laguntza handiagoak jasotzeko, lapurretan aritzen dira, ez dute lan egin nahi, Gobernuak etxea ematen badie hautsi egiten dute...».Peter Sandor Kosicekoa da (Eslovakiako bigarren hiria, ijito populazio handia dauka) eta familia du han bizitzen. «Beren lorategian lapurtu ohi dutela esaten didate», nabarmendu du. «Hala ere», gaineratu du, «telebistan asko puztu ohi dute gertatzen dena».

-

Bratislava



Leku estrategikoa



Mendi eta mahastien artean kokatuta dago Bratislava, Danubio ibaiaren ertzean. Danubioan egote horrek garraiobiderako leku estrategiko bihurtu du. Bratislava hiriari buruz jaso diren aipamen idatzi zaharrenak 907koak dira. Antzinako biztanleak zeltak eta erromatarrak izan ziren.

1526. eta 1784. urteen artean, Inperio Austro-Hungariarreko hiriburu izan zen. Inperio Austro-Hungariarreko zati izaten jarraitu zuen 1918. urtera arte. 1918tik 1993ra Txekoslovakia osatu zuen Txekiarekin batera. Gaur egun, milioi erdi biztanle ditu Bratislavak, eta Eslovakiako hiri handiena da. Viena oso gertu dagoenez, austriar asko joaten dira asteburuetan. Bratislavako gaztelua da eraikin nagusietako bat. Muga postu gisa eraiki zuten IX. mendean. Beste eraikin aipagarrietako bat Michalska Atea da. Erdi Aroan bertan izan zen harresiaren aztarna da Michalska.

-

Kronologia



1918: Inperio Austro-Hungariarretik atera eta Txekoslovakia osatu zuen, Eslovakiak, Txekiarekin batera.

1993: Txekoslovakia zatitu zen. MDS Eslovakia Demokratiko Baten Mugimenduak hartu zuen bere esku Presidentetza eta lehen ministro kargua. Azken horretan, Vladimir Meciar izan zen arduraduna.

1995: Hungariarekin Adiskidetze eta Elkarlan Ituna sinatu zuen Eslovakiak, bien arteko muga bermatu eta gutxiengoen eskubideak errespetatzeko.

1995: Eslovakiera ez ziren beste hizkuntzak ofizialki erabiltzeko eskubidea murriztu zuen Gobernuak. Nazioartearen gaitzespena jaso zuen.

1998: Kovac presidenteak agintaldia amaitu zuenean, Legebiltzarra ez zen ados jarri ordezkoa bilatzeko. Meciarrek presidentearen botereak bere esku hartu zituen eta protesta ugari zein EBren salaketak eragin zituen. Irailean, lehen ministro kargua galdu zuen hauteskundeetan; Mikulas Dzurindak irabazi zuen. Eslovakia EBko kide izateko bidean berriz jarriko zuela agindu zuen.

1999: Konstituzio krisia gainditu, eta Legebiltzarrak erabaki zuen presidentea herritarrek zuzenean aukeratzea. Mendebaldearen aldeko Rudolf Schuster hautagaiak irabazi zituen bozak. Uztailean, Legebiltzarrak hizkuntza gutxituen estatusa hobetzeko lege bat onartu zuen.

2001: Legebiltzarrak erabaki zuen hainbat aldaketa egitea Konstituzioan; esaterako, boterea deszentralizatu, botere judizialaren independentzia sendotu eta gutxiengoen eskubideen onarpen handiagoa bermatzea.

2002: Dzurindak berriz irabazi zituen bozak.

2003: Herritarren %46k hartu zuten parte EBn sartzeari buruzko erreferendumean, eta horietatik %8k eman zuten baiezkoa.

2004ko otsaila: Eslovakiako ekialdean, ijitoek protestak egin zituzten hainbat gizarte laguntza murriztu zituelako Gobernuak. Bratislavak poliziak eta soldaduak bidali zituen. Dozenaka lagun atxilotu eta hainbat lagun zauritu zituzten.

2004ko apirila: NATOko kide bihurtu zen herrialdea. Presidentea aukeratzeko bozetan, Ivan Gasparovich Meciarren gobernukide ohia izan zen garaile.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.