Iraganak utzitako zauriak behin betiko itxi nahi ditu Txilek. Augusto Pinocheten diktadurako (1973-1990) biktimen kasu berriak ikertu ditu Valech batzordeak, eta azken txosteneko emaitzak kaleratu berri ditu. Dokumentu horren arabera, orain arte zenbatutakoak baino 9.830 lagun gehiagok jasan zituzten giza eskubideen urraketak. Aurretik argitaratutako datuei azken horiek gehituta, 40.000 inguru dira diktadurak utzitako biktimak. Valech batzordeko Maria Luisa Sepulveda presidenteordeak atzo aurkeztu zion txostena Sebastian Piñera Txileko presidenteari. «Giza eskubideen urraketaren gaian Txileko gizarteak egin duen ekarpen» gisa hartu du txostena presidenteak, eta irakurri ostean herritarren aurrean hitz egingo duela iragarri du. Sepulvedak ere pauso garrantzitsutzat jo du, eta txostenak biltzen dituen datuak zehaztu ditu: «9.800 lagun inguru atxiloketa politikoaren eta torturen biktima izan ziren; hogeita hamar dira behartutako desagertzeak eta exekuzioak jasan zituzten biktimak».
Ordain ekonomikoa
32.000 salaketa inguru jaso ditu batzordeak azken hemezortzi hilabeteetan; horietatik, 9.830 kasu onartu dituzte. Ez dute kasuen inguruko xehetasunik eman, ezta biktimen izenik ere. Batzordeak hainbat baldintza ditu norbait biktimatzat jotzeko. Baldintzen artean honakoak daude: Estatuko indarrek arrazoi politikoengatik atxilotzea, bahitzea, hiltzen saiatzea, exekutatzea, torturatzea edo behartutako desagertzeen biktima izatea.Claudio Herrera Valech batzordeko idazkari nagusiak azaldu duenez, bi dira aurkeztutako azken txosten horren helburuak. Aurretik ikertu gabe zeuden kasuak aztertzeaz gain, laguntza ekonomikoa jasotzeko eskubidea emango diete Pinocheten diktaduraren biktimek. Biktima bakoitzak 180 euro inguru jasoko ditu hilero.
Horren aurrean kexu dira AFEP eta Torturaren Aurkako Batzorde Etikoa. Horien ustez, «diru kopurua oso baxua da, eta ez da nahikoa egindako kalteari ordaina emateko». Hala ere, Estatuak biktima izan zirela aitortzeak duen garrantzia azpimarratu dute. INDH Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuko Lorena Fries zuzendariak Valech batzordearen ahalegina goraipatu du, eta «batzordearen lana zailtasunez eta atzerapausoz betetako prozesu» gisa definitu du. Giza eskubideen aldeko hainbat erakundek, ordea, kasu guztiak ikertu ez direla kritikatu dute. «Valech batzordeak ez ditu kontuan hartu Txilen torturatu eta atxilotu zituzten atzerritarren kasuak, ezta atzerrian —Condor planaren barruan— desagertutako txiletarrenak ere», azaldu du Juanita Aguilerak, Torturaren Aurkako Batzorde Etikoko kideak. Horrekin batera, Desagertuen eta Atxilotuen Senideen Elkarteak emaitzak kritikatu ditu, biktimak 100.000 izatera hel daitezkeela esanez. Horregatik, kasu ixtea ez dute ontzat ematen, eta etengabe irekita egon beharko lukeela uste dute. Kritika horien aurrean, Andres Chadwick Gobernuko Presidentzia ministroak Gobernua defendatu du: «Valech batzordea independentea da; beraz, erantzukizuna hari eskatu behar zaizkio, eta ez Gobernuari».
Frei politikariaren kasua
Eduardo Frei Txileko presidente ohiaren kasua ikertu dute, besteak beste. Valech txostenean. Ustez hirugarren pertsona batek emandako toxikoekin hil zen, 1982an. 2009an kasua epaitu zuen Alejandro Madrid epailearen arabera, «aurrekariek hilketa delitua dagoela erakusten dute». Batzordeko kideen artean izandako zalantzak tarteko, kasua zintzilik uztea erabaki dute azkenean. Hala ere, presidente ohiaren kasua txosnenean sartzeko gomendioa egin diote Piñerari, beti ere hilketaren atzean arrazoi politikoak zeudela frogatzen bada.
Txile. Giza eskubideak
Diktadurako beste ia 10.000 biktimaren kasuak jaso dituzte
Valech batzordeak 32.000 salaketa jaso ditu azken hemezortzi hilabeteetan; kasu denak ez ikertzea salatu dute hainbat erakundekTxosten horrekin amaitutzat eman dute diktadurako biktimen kasuen ikerketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu