Erresuma Batua EBtik irteteko galdeketa irabazi eta bi aste eskasera, dimisioa eman du UKIPeko buru Nigel Faragek, brexit-aren defendatzaile sutsuena izan denak. Eskuin muturreko buruzagiak, hala ere, iragarri du alderdiaren alde eta Erresuma Batuaren "independentziaren" mesedetan lanean jarraituko duela. Faragek, izan ere, betetzat eman du bere helburu politikoa, alegia, estatua Europako Batasunetik ateratzea.
Honela arrazoitu du bere erabakia Faragek: "EBtik ateratzeko kanpaina irabazi izanak esan nahi du nire helburua bete dudala. Enpresa mundutik borroka honetara egin nuen jauzi, bere burua gobernatuko zuen herri bat amestu nuelako, ez politikagintzan aritu nahi nuelako. Orain nire bizitza berreskuratu nahi dut".