Pertsonaia. Francisco Camps

Dimisioa, trajeen ordainez

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Francisco Campsek agur esan dio Valentziako Generalitateko presidentetzari, ustez oparitu dizkioten trajeen kontua egia dela aitortu baino irtenbide egokiagoa iruditu zaiolako. «Borondatez eskaintzen dut nire ahalegina Mariano Raxoi izan dadin Espainiako datorren presidentea», esanez utzi du kargua. Kanpaina pertsonal baten biktima izan dela uste du, eta ustelkeria leporatzen diotenek jakin dezatela «kargura iritsi aurretik edukitakoa baino gutxiagorekin» doala.

Mariano Raxoi Espainiako presidentetzarako alderdiaren hautagaiak hauteskundeei begira ez du ustelkeria kasurik nahi, eta, horretarako, Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidentearen eta ondokoen epaiketa saihestu nahi zuen, udazkenean baita hastekoa kanpaina. Hori dela eta, atzo TSJV Valentziako Justizia Auzitegi Nagusian zen aurkeztekoa Camps erruduna zela aitortzeko —modu hori baita epaiketa saihesteko modu bakarra—, baina azken unean dimisioaren alde egitea erabaki zuen, «duintasunagatik».

Ricardo Costa Valentziako PPko idazkari ohiak Campsena jakin aurretik onartu zuen Raxoiren proposamena, ez presio gutxirekin, baina Campsek sinatu ondoren egingo zuela esan zuen. Errudun direla onartuz gero, egindakoagatik zigor handiena onartu beharko dute. Auziko beste bi inputatuek sinatu dute dagoeneko aitorpen eskutitza. Victor Campos Valentziako presidenteorde ohiak eta Rafael Betoret Turismo Kontseilaritzako buru ohiak atzo sinatu zuten, eta datozen egunetan ezarriko diete zigorra.

Raxoiri «oso gogorra» iruditu zaio Campsen erabakia, baina publikoki inoiz onartu ez duen arren, hori nahi zuela diote PP alderdiaren iturriek. Gürtel auzi konplexuari galga jarri nahi dio Raxoik. Alberto Fabra Castelloko alkatearen esku geldituko da orain presidentetza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.