Ekialde Hurbila

Dimititzeko mehatxua egin du Ahmed Kureia PANeko lehen ministroak

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko iturriek jakinarazi dutenez, dimititzeko mehatxua egin du Ahmed Kureia lehen ministroak. Larrialdiko gobernua eratu du Kureiak, eta gaur, exekutibo horri konfiantzazko botoa emateko eskatu dio Legebiltzarrari. Hainbat legebiltzarkidek ez daudela larrialdiko gobernu horrekin ados adierazi dute, ordea, eta, ondorioz, bozketa atzeratu egin da, baina egun zehatzik jarri gabe. Babesgabetasun horrek bultzatu du Kureia dimititzeko aukera plazaratzera.

2003ko urriaren 9a
18:55
Entzun
Legebiltzarkideetako batzuk uste dute larrialdiko gobernu batek ez duela zertan Legebiltzarraren konfiantza botoa jaso. Beste batzuk, ordea, larrialdiko gobernuaren aurka daude eta ohiko prozeduraren bidez osatutako exekutibo baten osaera eskatzen dute. Testuinguru horretan, larrialdiko gobernuak Legebiltzarraren babesa jasotzeko adinako kontsentsurik ez zegoela ikusita, bozketa atzeratzea erabaki dute gaur eguerdian, baina ez dute beste egunik jarri.

Kureiaren larrialdiko gobernuan ministro izendatu dituztenetako batzuk, Legebiltzarraren konfiantza botoa jasotzea jarri dute kargua hartzeko baldintza gisa.

Palestinarrek larrialdiko gobernu bat osatzen duten lehendabiziko aldia da, eta PANeko kideak zein legebiltzarkideak ez dira ados jartzen hark izan ditzakeen arduren eta eskumenen inguruan.

Eraso suizida Zisjordanian

Bestalde, ekintzaile suizida palestinar batekgorputzera itsatsita zeramatzan lehergaiak eztandarazi ditu Zisjordaniako Tulkarem hirian, Israelgo Armadaren postu militar baten ondoan. Ekintzailea hil da, eta bi soldadu israeldar eta langile palestinar bat zauritu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.