Mexiko. Presidentetzarako hauteskundeak

Dinosauroa, mozorrotuta

Peña Nieto presidentegaiaren arabera, PRI alderdia eraberrituta dago, «modernizatuta» eta «lehia demokratikorako prest». Aurkari politikoentzat eta herritar askorentzat, berriz, lehengo jarrera autoritarioa dago itxura berriaren atzean, betiko guardia zaharra.

Jon Fernandez.
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
PRI ezin da iraganera bueltatu, inoiz ez delako handik atera». Roger Bartra Mexikoko UNAM unibertsitateko Antropologia eta Soziologia irakasleak argi dauka Enrique Peña Nietoren irudia mozorro bat baino ez dela, makillajea, 70 urtez boterean egondako alderdi zaharrari itxura modernoa emateko. Rafael de la Garza Talavera UNAMeko Zientzia Politikoetako irakasleak ere beste hainbeste uste du: «Iraganari erabat lotua dago; alderdi iraultzaileak soilik diskurtsoan eman dezake irudi berria, komunikabideek akitzeraino anplifikatuta. Hortik kanpo, ezer ere ez. Peña Nietoren ideologia politikoaren ideia zentralak ere tradizio autoritario zaharrenetik datoz».

Halere, hautagaiak nabarmendu du alderdia aldatu egin dela agintetik kanpo egindako hamabi urteetan: «Besteak dira aldatu ez direnak... Neurri handi batean, kultura eta giro demokratikoan hezitako belaunaldi berri batek osatzen du orain PRI. Aldaketa nagusia da lehia demokratikorako prest gaudela. Ez dugu zerikusirik PRI hegemonikoarekin».

Alderdiak «bere hutsetatik» ikasi duela ere esan du, eta Los Pinos jauregira iritsiz gero ez duela kartelekin itunik egingo —XX. mendeko agintaldi luzean narkotrafikoarekin ezkutuko tratuak egin izana egotzi izan diote PRIri—. Baina aurkari politikoek eta herritar askok ez dituzte sinesten hitzok. Batetik, boterea presidentearen eskuetan zentralizatzea iradoki duelako Peña Nietok; bestetik, senatari eta diputatuen zerrendetan errazago aurki daitezkeelako guardia zaharrekoen izenak, aurpegi berriak baino.

Mexikoko 'Jurassic Park'

Mexikon, hain zuzen, dinosauro izena ematen diote 1929tik 2000ra agintean izan zen alderdiko guardia zaharrari, pri-historiako politikariei. Askok ohartarazi dute Peña Nieto ere dinosauro bat dela bestelako irudi bat eman nahi izan arren: mozorrotutako dinosauro bat.

PRIren itzulera Steven Spielbergen Jurassic Park filmarekin parekatu du Javier Sicilia poeta eta ekintzaileak —iaz, narkotrafikatzaile batzuek haren 24 urteko semea hil zuten—, Proceso aldizkarian argitaratutako Dinosauroen itzulera artikuluan. Bi irakaspen ditu filmak, haren ustez: «Alde batetik, gizakiak ezin duela kontrolatu kontingentzia, kontrakoa hitzemateko gaitasuna badu ere. Bestetik, hondamendia dakarrela desagertutako mundu bat orainaldira ekartzeak». Gainera, Siciliaren arabera, Peña Nietori begiratzen dionak «klonatutako dinosauro kume bat» baino ezingo du ikusi, «ezinbestean».

Dinosauroen itzulera urte luzez landutako bide bat izan da. 2006an hasi ziren estrategia antolatzen, PRIren presidentegai Roberto Madrazo hirugarren geratu zenean. Alderdiaren irudia modernizatu beharra zegoen, eta, sei urteko aurrerapenarekin, Peña Nieto izendatu zuten 2012rako aurrehautagai: gaztea, mediatikoa eta populista zen Mexiko estatuko orduko gobernadorea, itxuraldaketarako aproposa. Zenbait hanka sartze publiko eginagatik ere —Guadalajarako liburu azokan, egileak eta izenburuak nahastu zituen bizitza markatu dioten liburuak aipatzerakoan—, badirudi ez duela zailtasunik izango irabazteko. Bartrak eman du gakoa: «Pertsona guztiz inkultua da, baina eskarmentua du gobernuan, eta kultura politiko priistan erabat sartuta dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.