NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua potentzia handien lehia diplomatikoaren erdigune bihurtu da bertze behin, Siriako matxinadaren ondorioz oraingoan. Bart arratsean ziren eztabaidatzekoak Marokok aurkeztutako ebazpen proposamena, baina posizioak argi finkatuta zeuden aitzinetik. Arabiar Ligaren plana da Rabatek aurkeztutakoa, eta bertan bildutako neurri nagusia, berriz, Baxar al-Assadek boterea uzteko exijentzia da. Erresuma Batua, Frantzia eta AEBak dira planaren defendatzaile nagusiak; horren adibide, goi mailako ordezkaritza eraman dute New Yorkera: Atzerri ministroek ordezkatuko dituzte Londres eta Paris, eta Washington, berriz, Hillary Clinton Estatu idazkariak. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek ez du argitu New Yorkera agertuko den, baina berretsi du ebazpenaren aurka daudela, Siria «bertze Libia bat» bihur dezakeelakoan.
Mendebaldeko herrialdeek, Arabiar Ligarekin elkar hartuta, Siriako erregimenaren aurkako ekinaldi diplomatikoa abiarazi dute azken egunetan, nazioarteko gorengo organoaren, NBEko Segurtasun Kontseiluaren ebazpen bat lortzeko. Hiru eguneko egutegia osatu dute. Lehen langa bart arratseko eztabaida da; kontseiluko hamabortz kideetatik gutxienez bederatzi alde agertuz gero, bihar bozkatuko lukete ebazpena onartu edo ez. Gaur, berriz, ebazpenaren aldekoak bilera egitekotan dira, testua egokitu nahi baitute, Errusiarentzat onargarria izan dadin, edo, behintzat, ez diezaion betoa paratu.
«Trantsizioa errazteko»
Ebazpenaren sustatzaileen helburua da Al-Assadek boterea presidenteordearen esku uztea, eta horren ondotik hauteskundeak deitzea, Arabiar Ligaren planean idatzita dagoenez, «sistema demokratiko eta pluralera eramanen duen trantsizio politikoa errazteko». Errusiak, baina, erregimen aldatzeko erabakia ez dagokiola nazioarteari esaten du, eta Mendebaldeari leporatu dio Sirian esku hartu nahi izatea.
Errusiaren posizioa aldatzeko helburuarekin gogor jardun dira Mendebaldeko diplomazia buruak. Frantziako Atzerri ministro Alain Juppek eskutitza bidali dio Lavrov Errusiakoari, eta Segurtasun Kontseiluak «bere isiltasun jasangaitzetik» atera behar duela adierazi. Jupperen ustez, NBEren organo gorenak Siriako egoerarekiko «erantzukizun guztiak» hartu behar ditu, baina nazioarteak militarki esku hartzea baztertu du, «gerra zibila sorrarazi» dezakeelakoan. AEBetako Estatu idazkari Clinton, berriz, Lavrovekin telefonoz mintzatzen saiatu zen atzo, baina ez zuen lortu. Australian bidaian zegoen Errusiako Atzerri ministroa; hango agintariekiko bilerekin «lanpetuegi» zegoela erran zuen. Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronen bozeramaile baten iritziz, baina, Errusiak ezinen du «luzaroan azaldu» Segurtasun Kontseiluan ezarritako «blokeoa», eta Al-Assaden errepresioari emandako «babesa».
Moskuk, ordea, ez du gibelera egiteko asmorik; bihar bozketa eginez gero betoa erabiltzeko prest dagoela berretsi du bertze behin. Halere, Errusia ez dela Al-Assaden «aliatua edo laguna» zehaztu du Lavrovek. Gehiago ere erran du Atzerri ministroak. «Ez dugu inoiz erran Al-Assadek botereari eustea dela akordio baterako aurrez bete beharreko baldintza. Bertzerik erran dugu: erabakia siriarrek hartu behar dutela».
Segurtasun Kontseiluan ebazpenaren defendatzaileak AEBak, Erresuma Batua, Frantzia —beto eskubidearekin hirurak—, Alemania, Portugal eta Maroko dira. Parisek dio Azerbaijan, Guatemala, Kolonbia eta Togo ere alde daudela. Anitz mintzatu ez direnen artean, Txina da aipatzekoa, beto eskubidea baitu. Iragan urrian Errusiarekin lerratu zen Siriako erregimenaren gaitzespena saihesteko.
Armada Damasko inguruan
Siria barneko egoerari dagokionez, asteburuko eta asteleheneko borroken ondoren, armadak Damasko inguruko posizioak berreskuratu eta indartu ditu. Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, azken egunetan 39 lagun hil dituzte hiriburu inguruan. Erakunde berberak dioenez, atzo 30 lagun hil zituzten erregimeneko indarrek Siria osoan; horietako hamalau ipar-ekialdeko Idlib probintzian, eta hamar erdialdeko Homsen. Herenegun hildakoak, berriz, ehun dira talde horren arabera. NBEk onartu du ez duela baliabiderik jakiteko zenbat jende hil duten iragan martxoan matxinada hasi zenetik.
Diplomaziaren lehia
Mendebaldeak Errusiari presio egin dio NBEko Segurtasun Kontseiluak Siriako erregimenaren aurkako ebazpena onartzekoNazioarteak militarki esku hartzea baztertu du Juppe Frantziako Atzerri ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu