Rawiri Waititi Maorien Alderdiko diputatua berriz bota dute Zeelanda Berriko Parlamentutik. Oraingoan, maorien haka dantza tradizionala dantzatzeagatik. Maorien kulturan, erronka bati aurre egin behar zaionean egin ohi dute haka, batzuetan, baita gatazka bat dagoenean ere; errugbi partiden aurretik dantzatzen dutelako da ospetsua. Aurrez, gorbatarekin ez baizik maorien lepoko batekin joateagatik kanporatu zuten Waititi, joan den otsailean.
Oposizioak maoriei eman behar zaien osasun zerbitzuari buruz duen diskurtsoa izan da arrazoia. Waititiren arabera, diskurtso arrazista dutelako. Asteak daramatzate gaiaren inguruan eztabaidatzen, eta, azkenean, Zeelanda Berriko Gobernuak erabaki du maorientzako zerbitzu mediko independenteak eta zabalagoak eskaintzea, normalean beste etniek baino osasun okerragoa izan ohi dutelako.
Horren aurrean, oposizioko Alderdi Nazionalak «agenda separatista bat» sortzea egotzi dio gobernuari, baita ezkutuan bi sistema sortzen saiatzea ere.
Horrek piztu zuen Waititiren haserrea: «Maorien aurkako arrazakeria bultzatzen ari da, eta jada ez dugu onartzen diskurtso hori», adierazi zien kazetariei. «Oposizioko burua etengabe ibili da maorioi erasotzen PÄÂÂkehÄÂÂ-en (maoriak ez diren zeelandaberritarren) botoak eskuratzeko».
Parlamentuan ere bide beretik jo zuen Waititik, kanporatua izan aurretik: «Azken asteetan indigenon aurkako erretorika eta propaganda entzun ditugu hemen, eta horrek, guretzat irain bat izateaz gain, zalantzan jartzen du gure duintasuna». Jarraian, Trevor Mallard parlamentuko presidenteak esertzeko eskatu zionean, haka dantzatzen hasi zen Waititi, eta bota egin zuen.