AEBetako Konstituzioak Anthony M.Kennedy magistratuak nahi duena jasotzen duela esatea ohikoa bilakatu da politikari estatubatuarren bilguneetan, Auzitegi Goreneko epailea erabakigarria izan delako kontserbadoreen eskaera garrantzitsuetan -Guantanamo, heriotza zigor, abortu, arma, gay eta lesbiana eta halako gai labainkorretan espresuki- 1988tik, Ronald Reaganek izendatu zuenetik. Kontrolik gabeko diruak hauteskunde kanpainetan alderdiak laguntzeko duen eskubidearen txostengilea izateagatikentzuten da orain haren izena barra-barra. Adierazpen askatasunaren izenean urtarrilean bideratu zuen erabakiari esker, enpresek politikarien kausetarako inoiz baino diru gehiago xahutzeko aukera eman du, eta bide batez, iragarkiak politikarien alde edo kontra kontrolik gabe ateratzeko, babesle anonimoak erabilita.
Citizens United irabazteko asmorik gabeko ustezko enpresak Hillary Clinton 2008an hautagai zela ateratako dokumental iraingarria dauka legeak oinarrian. Hauteskunde Batzorde Federalak atzera bota zuen, McCain-Feingold Legea aintzat hartuta, bozen aurreko 60 egunetan ezein hautagairen lanik ezin dela atera argudiatuta. Auzitegi Gorenak, Kennedy buru zuela, ordea, onartu egin zuen, bost boto alde eta lau kontra lortuta. Errepublikanoek adierazpen askatasunaren garaipen gisara ospatu zuten erabakia.
Sonia Sotomayor magistratu demokrataren talde disidenteak, berriz, ohartarazi zuen korporazioen diruak politikaren merkatua itotzen badu demokrazia ustelduko duela, dirua jarri dutenen morrontzan aritu beharko dutelako politikariek, eta herritarren askatasuna milioi dolarrek baldintzatuko dute.
Legea behin Auzitegi Gorenean, magistratu batzuek kasua baliatu dute kanpainen finantzaketari buruzko legedia berraztertzeko, bi aurrekari garrantzitsu baliogabetzeraino: 1990ekoa, enpresariek politikariak babesteko diruari mugak jarri zizkiona, eta 2003koa, McCain-Feingold Legearen barruan enpresei eta sindikatuei muga jartzen ziena, beti izan baita kezka banakoek eta enpresek erabiltzen dituzten ezkutuko bideak kanpainak laguntzeko.
Markak hausten
Datorren astearteko hauteskundeei begira erabilitakoak, hala ere, marka guztiak hautsi ditu. Ordezkarien Ganberako kideak, Senatukoak eta gobernadoreak hautatzeko mugitzen ari den diruari buruzko datu batzuk eman ditu CRP Center for Responsive Politicsek, alderdien finantzaketari erreparatzen dion erakundeak:4.200 milioi dolar gastatu dituzte dagoeneko -duela lau urte 2.800 milioi dolar gastatu zituzten guztira-, eta telebista iragarkietan kontserbadoreek 2.000 milioi dolarerabili dituzte; liberalek, erdia, 2006ko kopurua gutxienez bikoiztu egingo dute iragarkiek. «Txiki geratu da 2000ko kanpainan George Bushen alde gastatu zena», CRPko zuzendari Sheila Krumholzek esan duenez.
Dirutza horren eragina herritarren etxeko pantailan nabarmena izan da. Txakur janaren edo auto ederren iragarkietara itzuli nahi dute estatubatuarrek, dagoeneko aspergarria da-eta Barack Obama gangsterrarena, homo- sexualarena, ekintzailearena edota immigrante mexikarrarena egiten ikustea iragarle anonimoen sorkuntzarik emankorrenetan.
Boto-emaileak erakartzeko trikimailu guztietan behin betiko datuak ezin dira jakin, ezta dirutza hori nola banatzen den demokraten eta errepublikanoen artean, baina errepublikanoen aldekoa dela argia da.
Obamak «prozesu politikoan interes bereziak dituen diruari oniritzia ematea» ematea egotzi zion Auzitegi Gorenari erabakia hartu zuenean, jakin baitzekien American Crossroads, Crosroads GPS eta halako enpresak -horiek ere, ustez, ez dute irabazirik lortzeko helbururik- izango zirela erabaki horren garaile handienetakoak. Bush presidentetzara eraman zuen Karl Roveren enpresak dira errepublikanoen alde diru gehien bildu dutenak. Orotara 65 milioi dolar gastatzeko asmoa dutela esan dute, iragarkietan inbertitutakoa kontuan hartu gabe. Merkataritza Ganberak ere iragarri zuen buru-belarri ekingo ziola kanpainari. Esan eta egin: 75 milioi dolar jaso ditu hiru milioi enpresari anonimo biltzen dituen erakundeak; itxuraz, irabazteko asmorik gabea elkarte hori ere.
Horiek dirua emanduten hamaikaren artean. Dirutza horrek zerikusia du Obamaren kudeaketarekin. Finantzetako maisuek ez diote barkatuko Bushek aberatsei emandako zerga pribilegioak kentzeko egin duen ahalegina, edota Wall Streeteko arauak aldatzeko erreforma onartu izana.Errepublikanoen aroa bultzatu nahi dute, eta demokratek diru bilketan izandako nagusitasuna eskuz aldatzea eragin dute.
Dirua ezkutukoa izaten ari dela salatu dute demokratek kanpainan, baita Obamak ere. «Ez dakigu atzean nor dagoen, petrolio enpresa bat edo atzerriko bat. Ez dakigu ez dutelako esaten». Atzerriko eta jatorri zalantzagarria duen dirua sartzen ari dela errepikatu du presidenteak.
Demokratak sutan jartzeko arrazoiak badaude, baina ez zegoen protestarik duela bi urte Obamak ekarpen pribatuak ez mugatzearrenfinantzaketa publikoa baztertu zuenean. Egungo ekarpen batzuk ere ez dituzte aipatzen; besteak beste, abokatuen bulegoetakoak, demokraten eskura daude-eta gehienak. Baina egia da kexu batzuek oinarri sendoak dituztela. Sindikatuek ematen duten diruak ezinbestean publikoak izan behar duen bitartean, enpresarienek -errepublikanoen aldera gehienak-modua topatzen dute ezkutukoak izateko. Gogoratu behar da Obamak 2008an milioika jarraitzaileek kanpainarako eman zuten diru kopuru txikiei esker egin zuela presidentetzarako bidearen zati handi bat.
Diruaren jatorria
AEBetan bereizketa garrantzitsua egiten dute alderdien finantzaketaz ari direnean, hard money-ren eta soft money-ren artean. Hard money (diru gogorra) Hauteskunde Kanpainako Legeak araututakoa da, eta mugak jartzen dizkio gizabanakoek, alderdi politikoek edota PAC kanpainetarako espresuki sortutako batzordeek ematen duten diruari. Enpresek eta sindikatuek ezin diete hautagaiei dirua eman zuzenean, baina batzordeek euren bazkideen bidez jaso dezakete dirua. Batzordeok hautagaiei diru mugatua ematen diete; kanpainarako zeharka mugarik gabe.
Soft money -diru biguna- ez du legeak arautzen. Ez dago mugarik edozein instituziok ekarpena egiteko alderdi politiko baten Batzorde Nazionalari, baina teorian diru hori ezin da erabili herritarrak bultzatzeko aldeko botoa eman dezaten. Alegia, erraza da alderdi politikoentzat euren aldeko iragarkiak egitea aipatu gabe botoa nori eman.
Horiez kanpo daude Merkatarien Ganbera eta halako erakundeak. Gai zehatzetako kanpainak egiteko dute dirua, eta modu horretara, haien mezuarekin bat egiten duen politikariak ateratzen du etekina, ezkutuko babesleen diru askeaz.
Diruak xahututako demokrazia
Politikarien kanpainak finantzatzeko AEBetako Auzitegi Gorenak urtarrilean hartutako erabakiak inoiz baino diru gehiago eta kontrolik gabe inbertitzea ekarri du, datorren astearteko hauteskundeei begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu