Nola edo hala hautesleen begirunea ziurtatuta, abstentzioa zen Putinek aukeratutako hautagaiaren etsairik handiena, baina laster desagertu zen mehatxu hori ere. Abenduko Legebiltzarrerako hauteskundeetan baino %5 handiagoa izan zen parte-hartzea igandean.Botoa eman zezaketen errusiarren %69,65ek eman zuen botoa.
Ikasleak maisuari aurre hartu dio parte-hartze zabalari esker. Putinek lau urte lehenago izan zituen botoak baino hiru milioi gehiago eskuratu ditu Medvedevek. Aldiz, babesa ehunekotan neurtuta, Putinen mugarria ez du gainditu. Botoen %71,3 lortu zituen hark orduan, eta Medvedevek, %70,23.
Errusia Batuko alderdiko buruaren ostean, Gennadi Ziuganov Alderdi Komunistako buruzagia izan da bigarrena, %17,76ko babesarekin. Vladimir Jirinovski Alderdi Liberal Demokratikoko hautagaiak botoen %9,37 lortu ditu, eta Andrei Bogdanov Errusiako Alderdi Demokratikoko hautagaiak, azkenik, %1,29. Ziuganoven aburuz, telebistan hautagai denen arteko zuzeneko debateak izan balira eta hauteskunde programa guztientzat denbora bera izan balitz, berak irabaziko zituen bozak. Hauteskunde legearen 200 urraketa izan direla ere gaineratu du eta auzitara joko du. Jirinovskiren hitzetan, frogatu ezin ditzakeen irregulartasunak izan dira bozetan.
OPOSIZIOAREN PROTESTAK. PACE Europako Kontseiluko Asanblea Parlamentarioko behatzaile misioko buruaren ustez, hauteskundeetan ez da iruzurrik izan. Andreas Grossen hitzetan, herritarren borondatearen isla izan dira, baina ez dutedemokrazian sakondu. Abenduko bozetan salatutako akatsak nabaritu dituzte behatzaileek. Medvedevek ez beste hautagaiek hedabideetan ez dute ia tokirik izan. Telebista eztabaidetan soilik agertu ahal izan dira eta Medvedevek horietan ez parte hartzea erabaki du.
Oposizio liberaleko hautagaiak hauteskundeetan parte-hartzea eragotzi zuen Gobernuak, eta atzo manifestazioak egin zituzten FCU mugimendu herritar batuko jarraitzaileek. Garri Kasparov xakeko munduko txapeldun ohiak gidatutako oposizioko hainbat kide atxilotu zituen Moskun Poliziak. «Medvedeven izendapena bidegabea da», Kasparoven aburuz.
SosLaIa
Vladimir Putinen menpeko presidentea
Dmitri MedvedevErrusiako presidente berria
«Putin presidentearen lana bermatzeko moduan gaude». Hitz horiekin agertu zen jendaurrera, Moskuko Plaza Gorriko ospakizunera, Dmitri Medvedev Errusiako presidente berria. Emaitzen berri izan bezain laster herrialdeak ez duela norabiderik aldatuko ziurtatu du Errusiako historiako presidente gazteenak (San Petersburgo, 1965). Abokatu lanetan aritu ostean, 1990eko hamarkadan irakasle izan zen sorterrian. Gero, San Petersburgoko Udalean hasi zen lanean, eta Vladimir Putinentaldean sartu zen, alkatearen aholkulari gisa. Orduan hasi zen Medvedeven eta Putinen arteko lotura zabala, Errusiak komunismotik merkatu ekonomiara trantsizioa abian jarri zuen epe erabakigarrian.
2000. urtean Putinen ondoan presidentetzarako hauteskunde kanpainan parte hartu zuen eta 2005. urtean Kremlineko lehen ministrorde izendatu zuten.
Nazio proiektuen arduradun zela, bere ekimen politikoaren berri emanzuen. Errusiako jaiotze tasa baxua sustatzeko neurriak hartu zituen, familientzako laguntzak areagotu eta eskola aurreko hezkuntza garatu zuen. Ekonomian, bestalde, nazioarteko enpresen parte-hartze handia izango zuten enpresa publikoen sorrera sustatu du. Arlo horretan ere itzal handiko agintaria da, Gazprom, Errusiako Estatuaren gas monopolioaren buru izan baita orain arte Medvedev.
Aurtengo bozetan bere alboan izan du Putin. Konstituzioak presidente batek hirugarren legealdia jarraian egitea debekatzen duenez, ondorengo bat izendatu behar izan zuen Putinek -behin-behinekoa izan daiteke, lau urte barru Putinek berriz presidente izateko aukera izango duelako- eta haren aldeko kanpaina egin du asteotan. Batera ahal dugu kanpaina iragarkian biak ageri dira, bat eginda, bata zein bestea pentsamolde beraren aurpegi ezberdinak direla aditzera emanez.
Putin lehen ministroa izendatuko du Medvedevek, aita politikoari esker onez.Atzerri politika, konstituzioak dioenez, presidenteak egingo duela zehaztu du Medvedevek. Ikusteke dago osterantzean Putinen aginduak betetzera mugatuko den edo harkBoris Jeltsinekin bere garaian egin bezala, pixkanaka bere kabuz aritzeko nortasuna duen. EKAIN ROJO