Jendaurrean gris eta hotz ospea izan duen gizona azken hileotan, kanpainan buru-belarri sartuta, irudi atsegin eta erakargarriagoa eraikitzen joan da. Iragan abenduan erabat hilda, norabiderik gabe eta dirurik gabe zegoen Alderdi Demokrataren primarioetako kanpaina berpiztea lortu du John Kerryk. Baita, izendapen formalaren faltan, alderdiaren Etxe Zurirako hautagaia izatea ere. Erronken aurrean alderik onena agertzen duen politikoa da. Orain George Bush presidente eta hautagai errepublikanoa gainditzea izango du erronka. Heldu den azaroa arte dauka Bushen aldetik etorriko zaizkion erasoei aurre egiteko.
John Forbes Kerry Forbes,amaren abizenagatik 1943ko abenduaren 11n jaio zen, Denver hirian (Colorado). Abizenak hala iradokitzen du, baina Kerryk ez ditu arbaso irlandarrak. Duela gutxi jakin zuen bere aitona Frederick Kerryren benetako izena Fritz Kohn izan zela, baita judua zela ere. Hark egun Txekia den lurretik Estatu Batuetara emigratu eta gutxira izen-deiturak aldatu zituen. Johnen aiton-amonak, juduak izanda ere, katoliko bihurtu ziren. Johnen anaia batek, aldiz, kontrako bidea hartu eta fede judua egin du bere. Amaren aldetik, berriz, WASP (Zuria, Anglo-Saxoia eta Protestantea) peto-petoak ditu sustraiak. Berak, baina, katoliko izaten jarraitzen du. Sustrai juduak lagungarri izango zaizkio AEBetako komunitate judu garrantzitsuan. Eta Massachussets bizi den estatuan zein beste batzuetan, irlandar jatorriko askok oraindik pentsatuko dute hautagai demokratak irlandar odola duela. Pisu handiko bi komunitateen babesa jasotzeko aukera handiak ditu, beraz.Aita diplomatikoa izaki, haurtzaroa eta gaztaroa han-hemenka igaro zituen Kerryk. Suitzan, New Hampshiren eta Yaleko Unibertsitatean ikasi zuen, azken honetan Zuzenbidea. Vietnamgo gerrara boluntario joan eta ontzi bateko kapitain gisa domina garrantzitsuak jaso zituen. Halere, handik itzulitakoan Gerraren Kontrako Beteranoen kanpaina gidatu zuen. Senatuaren aurrean gerraren aurkako adierazpenak egin zituen. Adituek diote orduan erakutsi zuela politikarako sena, zera adierazi zuenean: «Nola eskatzen diozue gizon bati Vietnamen hilko den azkena izateko? Nola eskatzen diozue gizon bati akats batengatik hiltzeko azkena izateko?».Gerraren kontra Washingtongo Capitolioko eskaileretan egindako protestan hainbat beteranok beren dominak bota zituzten, baita Kerryk ere... baina ez bereak, beste batenak baizik. Bereak ondo gorde zituen.Karrera politiko luzeko gizona da Kerry, 27 urte baitaramatza kongresuko kide lehenik eta senadore geroago. Lehenago, Massachusetts estatuan fiskal jardun zuen, estatuko gobernadore atxiki izan aurretik. Teresa Heinzekin ezkondua dago, eta berau bigarren emaztea du. Heinz elikagaien eta ketchup-aren inperioaren oinordekoa du emaztea. Dudarik gabe, bere kanpaina finantzatzen lagungarri izango zaio.Alderdi Demokratako adar liberalean lerratua, abortoaren aldekoa da, eta Defentsa eta Segurtasun alorretan moderatutzat jotzen dute. Ingurumenaren aldeko ekintzaileek Bush baino maiteago dute, haren orain arteko jarrera zentzudunagoagatik1991ko Golkoko Gerraren aurka azaldu zen, baina 2003an, aldiz, AEBek Iraken kontra indarra erabiltzearen alde. Halere, Bushek Iraken daraman politika gogor kritikatu du harrezkeroztik.Heriotza zigorraren kontra azaldu zen 2002 arte, presidente izateko leihatzea erabaki zuen arte. Aurkari politikoek aldaketa hori haren aurka baliatuko dute. Errepublikanoek ideia eta iritziak beharren arabera aldatzea leporatzen diote Kerryri.
Orduan, agian, gordeta dituen dominak atera eta Bush Vietnamen izan ez zela esanez erantzun dezake Kerryk. Izan ere, Bushek eta Dick Cheney presidenteordeak ez dituzte eskuak bolboraz zikindu, bai, ordea, gerra agindu. -Juanma Sarasola
Dominak jaurti ez zituen beteranoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu