Dominak zenbatzen

Gaur hogei urte hasi zen Berlingo harresia jausten, Polonian. Solidarnosc sindikatuaren presioari esker, Legebiltzarrerako bozak egin zituzten, eta Alderdiko Komunistakoa ez zen lehen ministro bat aukeratu.

2009ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Walesak ez dauka amonarik.Eta horregatik dio: «Eman dizkidaten domina guztiak batera jantziko banitu, garabi batek eutsi beharko lidake zutik». Lehenengoa, baina sinbolikoa, gaur hogei urte jaso zuen: Solidarnosc (Elkartasuna) berak antolatutako sindikatuaren presioagatik Polonia komunistan Legebiltzarrerako bozak egin zituztenean. Bigarren Mundu Gerratik egiten zituzten lehenak ziren; «erdi askeak».

Eserlekuen %64 Alderdi Komunistaren esku geratu baziren ere, Parlamentu osatu berriak Karl Marxen ideiekin bat ez zetorren gizaseme bat izendatu zuen lehen ministro: Tadeusz Mazowieki.Presidentea, artean, alderdiko kidea zen.

Gertakari horri esker, eta handik urtebete eskasera, jaso zuen Walesak bigarren domina sinbolikoa. 1990eko abenduaren 9an presidente bilakatu zen Lenin ontziolako argiketaria izandakoa. Bost urtez baino ez zion eutsi aginteari, baina herrialdea jada ez zen gehiago komunista izango.

Polonian hasi zen, beraz, Berlingo harresia jausten. Eta iraultza baketsua izan zela diote adituek; su apalean egositakoa. Solidarnosc sindikatua izan zen eltzeko osagai nagusia. 1980ko abuztuaren 14ko grebaren ondoren osatu zuen Walesak, protestetan parte hartu zuten beste zenbait langilerekin batera. Eta irailean gobernu komunistak baimendu egin zuen. Jaruzelski jeneralak, ordea, legez kanpo utzi zuen urtebete geroago. Giltzaperatu egin zuten Walesa, 1982ko azaroaren 14ra arte. Eta etxean atxilotuta igaro zituen hurrengo bost urteak. Ezin izan zuen, beraz, eman dioten saririk potoloena jaso: Bakearen nobela. Emaztea izan zen Stockholmen (Suedia), 1983an.

Libre geratu bezain laster, sindikatua berrantolatu zuen. Beste greba bat bultzatu, eta erroskila itxurako mahai baten inguruan eserarazi zituen agintari komunistak. Negoziazio haietan adostu zuten bozak egitea. Ordutik, honoris causa-k eta bestelako dominak jasotzetik bizi da Walesa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.