Hogei urte zeramatzan Anatoli Sergeievitx Txerniaievek eguna modu berean amaitzen: Kremlinetik Denexni Peruloken zuen apartamentura heltzean, estudioan eseri eta egunerokoan pare bat orrialde idazten zituen. Eta horixe egin zuen 1989ko azaroaren 10ean ere. Bezperan jauzi zen Berlingo Harresia, bihar 20 urte.
Mikhail Gorbatxoven goi aholkulariak leihotik begiratu, eta egunaren errepasoa egiten zuen.Buruzagi sobietarrei adierazi ezin izan zizkionak jasotzen zituen koaderno zimurtuan: frustrazioak, desilusioak eta amets galduak. Halako asko zituen azken boladan, eta kutsu grisa zuten egunerokoaren azken orriek. Ostiral hartan idatzitakoa, ordea, apokaliptikoa izan zen: «Berlingo Hesia erori da. Sistema sozialistaren garaia amaitzear da». Ez zegoen esperantzarako zirrikiturik.
«Poloniako eta Hungariako langileen alderdiak jausi ostean erori da Erich Honecker [Alemania ekialdeko presidentea], eta gaur Todor Zhivkoven [Bulgariako presidentea] kontrako estatu kolpeaz aritu dira hizketan», dio egun Moskuko Segurtasun Nazionaleko Artxiboaren esku dagoen dokumentuak. «Orain geratzen zaizkigunak gure 'adiskide onenak' dira: Fidel Castro [Kubako presidentea], Nicolae Ceaucescu [Errumaniako gobernuburua] eta Kim Il Sung [Ipar Koreako agintaria]. Eta hirurek gorroto gaituzte». Mingostasunetik baino gehiago, sarkasmotik idatzi zituen azken hitzok Sergeievitxek. Samintasuna azken lerrorako utzi zuen: «Estalinismoaren ondarearen amaiera da hau».
Analisirako gaitasun aparta zuen Sergeievitxek, eta informazio pribilegiatua. Hori hala, 1989 urte amaieran Europa erdian eta ekialdean izandako tsunamiak ez zuen ezustekoan harrapatu. Polonia izan zen erregimen komunistari bizkarra ematen lehena. Solidarnosc (Elkartasuna) sindikatuak hamarkada bat zeraman erreformen beharra aldarrikatzen, eta haren presioa medio, Wojciech Jaruzelski jeneralaren gobernuak onartu egin zuen Legebiltzarrerako bozak egitea. Ekainaren 4rako deitu zituzten. Bigarren Mundu Gerratik egiten zituzten lehenak ziren; «erdi askeak».
Hungariakoa ere ez zen oso ezberdina izan. Erreformistek hartu zuten Langileen Alderdi Sozialistaren kontrola, eta Miklos Nemeth lehen ministroa aldaketa politikoa hasi zen sustatzen 1989 hasieran. Maiatzaren 2an Hungariak Austriako mugan jarritako burdin hesia kenarazi zuen. Altzairuzko Errezel-eko lehen zirrikitua zen. Udan eta udazkenean oposizioarekin negoziatu, eta hauteskunde libreetarako deia egin zuen.
Berlin ostean, gainontzekoak
Txekoslovakian aurreraxeago gertatu ziren aldaketak. Polonian, Alemania ekialdean eta Hungarian gertatutakoa ikusita, azaroaren 17an manifestazio jendetsua egin zuten Pragan, hauteskundeak eskatzeko. Gobernuak dimisioa eman zuen, eta Alderdi Komunistako Batzorde Zentralak batzar berezirako deia egin zuen, «etorkizunaz eztabaidatzeko». Vaclav Havel idazleak hori taktika luzagarria zela salatu ondotik, 800.000 lagun atera ziren kalera. Azaroaren 29an Alderdi Komunistak bere ibilbide bakartiaren amaiera iragarri zuen, eta biharamunean Austriarekiko muga zabaldu zuten. Abenduaren 28an egin zituzten bozak. Urteko azken egunean Havel izendatu zuten presidente, eta Alexander Dubcek, Pragako Udaberrikoliderra, Legebiltzarreko buru.
Iraultza horiek guztiak baketsuak izan ziren, eta Errumaniakoa izan zen kontrastea. Ceaucescuk azken unera arte errumaniarrak bakartuta mantendu nahi izan zituen. Protestan kalera atera ziren milaka lagunen kontra tiro egiteko agindua eman zuen, eta horren aurka armadako hainbat kide aldaketa eskatzen zutenen alde jarri ziren. Moskuk agintariaren jarrera gogor kritikatu zuenean, gerra zibila lehertu zen. Abenduaren 22an manifestari batek Ceaucescu harrapatu eta jipoitu egin zuten. Handik hiru egunera exekutatu zuten. 1989 amaieran, Salbamen Nazionalerako Fronteak kontrolatzen zuen Errumania, eta hauteskundeetara deitu zuen.
Hala, hilabete gutxitan Europa erdiko eta ekialdeko mapa kolorez aldatu zen. Eta ondorengo urteetan, Varsoviako Itunekoak izan ziren herrialde haiek guztiak Sobiet Batasunetik aldendu eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean gerizatu ziren; baita EB Europako Batasunera ere - 1993an sortu zuten hori, Europako Komunitateen oinordeko gisa-. Prozesu guzti-guztiak modu baketsuan burutu ziren, Jugoslaviakoa izan ezik. Garbiketa etniko artean, herrialdea zazpitan banatu zen.
Mesfidantza
Txekoslovakiako presidente Havelek Europa erdiko herrialdeei biltzeko deia egin zien, «Europarako itzulera koordinatzeko», 1990ean.Mendebaldekoak direla bai, baina EBkoak izan beharko luketen zalantzan jartzen du egun Txekiako presidente Vaclav Klausek -mugimendu nazionalistak medio, Txekoslovakia bitan zatitu zen 1993an: Txekia eta Eslovakia dira egun-. Hori hala, ahal bezainbeste atzeratu du Lisboako Itunaren berrespena; asteartean sinatu zuen EB erreformatzeko oinarriak jasotzen dituen hitzarmena, gainontzeko kideek bere baldintza guztiei men egin ostean. New Yorkeko Unibertsitateak Pragan duen campuseko errektoreak, Jiri Pehek, azaltzen du mesfidantzaren nondik norakoak: «Salbuespenak salbuespen, 1620tik Txekia atzerriko indarren menpe egon da: lehenbizi, Vienaren menpe, gero Moskuren agindupean, eta orain... Bruselaren esku?». Dena den, 1999tik da NATOko kide, eta 2004tik dago EBn.
Urte hartan sartu ziren Estonia, Letonia, Lituania, Hungaria eta Polonia ere erakundean; maiatzaren 1ean, zehazki. «Gure helburua EBko eta NATOko kide aktiboa izatea da», dio egun Poloniako Estatu idazkariorde Grazyna Bernatowiczek. Duela hamar urte bilakatu zen NATOko partaide. Gaur, baina, Errusiaren mehatxua oso presente dute. Oraingoan, ordea, bestelakoa da arrazoia: gasa etetearen beldur dira.
Baltikoan ere nabari dute mehatxua. 2007ko apirilaren 26an Estoniako Gobernuko eta erakunde nagusietako webguneetara milaka zabor mezu heldu ziren. Bi astez kolapsatuta egon ostean, NATOri laguntza eskatu zion Gobernuak. Zibergerra zen hura, eta erasotzailea Mosku zelakoan zeuden. Izan ere, erasoaldia hasi zuten egun bertan, Bigarren Mundu Gerran hildako soldadu sobietarrei eskainitako monumentu bat Tallingo plazatik kendu eta hilerri zahar batean zokoratzeko agindu zuen Gobernuak. Haserretu egin zen Errusia. Ordutik, Estonian dago NATOren ziberdefentsarako egoitza.
Auzoan, Letonian eta Lituanian, ekonomia krisia da mehatxurik handiena. Eta Errumanian, pobreziaz gain, ustelkeria eta gobernurik eza. Urriaren 13an, zentsura mozio bat medio, eskuineko gobernua bertan behera geratu zen. Hilaren 22an dituzte egitekoak bozak. Berlingo Harresiaren bestaldean ziren erosotasunak eskuratzetik urrun dira, beraz.
Domino efektu geldiezina
Berlingo Harresia erori eta Europa erdiko eta ekialdeko mapa kolorez aldatzen hasi zen; hainbat herrialde Sobiet Batasunetik urrundu eta NATOn eta EBn gerizatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu