Ez da ustekabe handirik izan Europako Kontseiluan, eta espero ziren bi hautagaientzat izan dira eskaintzan zeuden postuak: Donald Tusk Poloniako orain arteko lehen ministroa izango da Europako Kontseiluko presidentea, eta Federica Mogherini Italiako Atzerri ministroa, berriz, EBko atzerri politikako ordezkaria. Gizon kontserbadore bat eta emakume sozialdemokrata bat.
Kargu bat zein bestea Lisboako Itunak sortu zituen 2009an, Europako Batasunari ahots bakarra —edo bateratuagoa behintzat— ematen saiatzeko. Emaitza, onenean, erdipurdikoa izan da, EBko estatuen edo beren agintarien interesak ez baitatoz beti bat.
Tuskek Herman Van Rompuy flandriarra ordezkatuko du 2015eko urtarrilaren 1ean. Tuskek alde du Europako ekialdeko ordezkaria dela, horrelako kargu batera iritsi den lehenengoa. Garrantzitsua da hori Ukrainako krisiarekin ikusi baita EBk bere ekialdeko mugari arreta berezia eman beharko diolako hurrengo urteotan. Aurka, berriz, ez dela oso iaioa ingelesez edo frantsesez, eta hori traba nabarmena izan daiteke batez ere koordinazio eta artekari lanak egin behar dituen pertsona batentzat. 2007tik da Poloniako lehen ministro, eta kaxubiar etniakoa.
Mogherinik, berriz, Catherine Ashton ingelesa ordezkatuko du EBko diplomaziaren buruzagitzan. Esperientzia falta leporatu izan diote Mogheriniren arazoa, otsailetik baizik ez baita Italiako Atzerri ministroa. Errusiarekin bigunegia izatea ere aurpegiratu diote Poloniak eta Baltikoko errepublikek.
Errusiaren aurkako zigorrak
Gaurko goi bileraren beste gai nagusia Ukraina da. Bilerara sartu aurretik EBko hainbat burukidek ziurtzat jo dute Errusiaren aurkako zigorrak handitzea ontzat hartuko dituztela.
NATOk frogatutzat jo du Errusiako Armadako soldaduak eta ekipamenduak Ukrainan sartu direla, eta horien laguntzari esker ari direla matxinoak lurraldea eskuratzen. Errusiako Gobernuak informazio horiek gezurtatu ditu eta NATOren frogak —satelite bidezko argazkiak— «bideo jokoen irudiak» direla ziurtatu du.
Azken asteotan hainbat lurralde galdu ondoren, kontraerasora jo dute azken egunotan matxinoek. Novoazovsk hiria hartu dute eta mendebalderantz doaz orain, Mariupolera. 400.000 biztanleko hiri industrial hori da Azoveko Itsasoan Ukrainako Gobernuak kontrolatzen duen garrantzitsuena. Matxinoek diote dagoeneko kontrolpean daukatela, baina halakorik gezurtatu du Kievek.
Iturri askoren arabera, milaka soldadu ukrainar inguratuta daude Ilovaisk hirian. Matxinoak prest leudeke handik ateratzen uzteko, betiere armak uzten badituzte. Hori egiteko eskatu du Vladimir Putin Errusiako ministroak ere, «alperrikako heriotz asko eragozteko». Baina Kiev ez dago prest, matxino errusiazaleen esku armak ez uztearren.
NATOn sartzeko eskaera egin du Ukrainako Gobernuak. Aliantzak ez dizkio ateak itxi, baina Alemaniako Gobernuak argi utzi zuen atzo oraingoz ez dutela eskaera onartuko.