Galapago uharteak

Dortoka erraldoi espezie berria identifikatu dute

Galapago uharteetako Santa Cruz irlan idetifikatu dute dortoka espezie berria. Aurkikuntza honekin jada hamabost dira ezagutzen diren dortoka erraldoi espezieak. Horietatik lau desagertuta daude egun.

Galapago uharteak Ekuadorko kosta kontinentaletik mila kilometrora daude, eta horregatik sortu dira bertan espezie bereziak. JOSE JACOME / EFE
2015eko urriaren 22a
08:57
Entzun

Chelonoidis donfaustoi izena jarri diote identifikatu berri duten dortoka espezieari. Orain arte, uste zuten Santa Cruz irlan espezie bakarra zegoela, baina Gisella Caccone Yalego Unibertsitateko ikerlariak gidatutako taldearen arabera, bi espezie ezberdinetakoak dira irlaren mendebaldean eta ekialdean bizi diren dortoka erraldoiak.

Irlaren ekialdean, Cerro Fatal inguruan bizi diren dortokek osatzen dute espezie berria, eta ehundaka zenbatu dituzte. Santa Cruzen mendebaldean bizi direnak berriz, milaka dira. Espezie berriaren izena Fausto Llerena Don Fausto-ren omenez jarri dute. Llerena Galapagoetako Parke Nazionaleko ugalketa eta hazkuntza zentroko buru izan zen, eta ezaguna egin zen Solitario Jorge dortoka erraldoia urteetan zaindu zuelako. Dortoka hura haren espezieko azkena izan zen.

Parke Nazionaleko ikerlariak oso pozik daude aurkikuntzarekin, horrek dortoken babeserako laguntzak ekarriko dituztelakoan. "Espezie berri hau identifikatzeak irlaren ekialdean dortokak babesteko ahaleginak biderkatuko ditu". Alejandra Ordoñez Galapagoetako Parke Nazionaleko zuzendariaren aburuz, beharrezkoa da espezie berriaren inguruko ikerketak garatzea. "Ikerketak hasi behar ditugu zenbat dauden eta babesteko zer egin behar dugun jakiteko".

Galapago irlak Ekuadorko kosta kontinentaletik mila kilometrora daude, eta euren izena zor die bertan bizi diren dortoka erraldoiei. Irlok laborategi natural gisa dauzkate zientzialariek. Charles Darwin zientzialariak bertan egindako ikerketekin formulatu zuen haren eboluzioaren teoria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.