Bi atentatuok eragindako hildako eta zauritu kopuruaz ez dago datu zehatzik. Aljeriako Gobernuko iturrien arabera, 22 izan ziren hildakoak eta 177 inguru zaurituak. Yazid Zerhouni Barne ministroak eman zuen datu hori iluntze partean. Hiriburuko erietxeetako iturriek, aldiz, hirukoiztu egin zuten kopuru hori. Haien arabera, gutxienez 67 hildako eta dozenaka zauritu eragin zituzten atentatuek. Azken datu hau baieztatzen baldin bada herrialdean azken hamabost urteotan izandako atentaturik bortitzena litzateke, 1990. urteko gerra zibilaren osteko bortitzena, alegia.
Ben Aknoun auzunean izandako atentatua bonba-auto baten bidez egin zutela eman zuten jakitera iturri ofizialek. Aljeriako Kontseilu Konstituzionalaren eta Auzitegi Gorenaren egoitzen aurrean zartarazi zuen autoa ekintzaile suizida batek. Leherketa gertatu zen unean, ikasleak garraiatzen zituen autobus bat igaro zen bertatik eta, hala, biktima ugari ikasleak izango diren susmoa dago. Egoitza ofizialak zaintzen zituzten hiru guardiak gutxienez bizia galdu zuten ere.
Hydra auzunean gertatu zen bigarren leherketa. Auzo honetan oso zorrotzak dira segurtasun neurriak; izan ere, eraikin publiko andana dago inguruetan, baita nazioarteko erakunde ugariren ordezkaritzak ere.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen goi mandatariaren etaUNDP Nazio Batuen Garapenerako Programa aterpetzen dituen egoitzaren aurrean izan zen, hain zuzen ere, atentatua. Biktima kopuruan datu nahasiak zeuden iluntzean. Hasieran hamar lagun hil zirela zehaztu zuten. Geroxeago hildako bakarra zegoela eta 13 desagertu. Barne ministroak, aldiz, 10 zibil eta bi poliziak bizia galdu zutela iragarri zuen. NBEren Marie Okabe eledunak esan zuen gutxienez erakundeko lau langile hil zirela eta beste 14 desagertuta zeudela.
MAGREBEKO AL KAEDA SUSMOPEAN. Lerro hauek idazteko orduan inork ez zuen bere gain hartu atentatu hauen erantzukizuna. Aljeriako Barne ministroak, baina, ez zuen zalantzarik izan. Magrebeko Al Kaeda erakundeari leporatu zizkion erasoak: «GSPC ekintza kriminal hauen atzean dagoela erabat seguru gaude». Magrebeko Al Kaeda erakundeak izen hori hartu aurretik zegoen erakundea da GSPC Predikazioa eta Borrokarako Talde Salafista. Zerhouni Barne ministroak zehaztu zuenez, iragan apirilaren 11ko atentatuen ostean segurtasun indarrek atxilotu zituzten erakunde horretako kideek eraso hauen berri eman zuten.
Apirilaren 11n bi bonba-auto eztandarazi zituzten Aljerren. Gobernuaren egoitzaren aurrean bata eta polizia etxe baten aitzinaldean bestean. Magrebeko Al Kaeda erakundeak bere gain hartu zituen atentatu hauetan 33 lagunek bizia galdu zuten eta 200 baino gehiago zauritu ziren.
Atentatuek salaketa oldea eragin zuten munduan zehar. EB Europako Batasunak «ekintza okaztagarriak» salatu zituen. Benita Ferrero-Waldner EBko Kanpo harremanetarako komisarioak adierazi zuen «ekintza basatiak» gogor salatu zituen.
Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren iritzian, horrelako «basakerien» egileak «gizatasunaren etsaiak» besterik ez daitezke izan. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak ere bere «kondena irmoena» adierazi zuen: «Ezerk ez ditzake justifikatu horrelako basakeriak».
erasoak, urte hasieratik
Otsailaren 13a. Sei pertsona hil ziren Kabilian gertatutako zazpi atentatutan.Apirilaren 11. 33 hildako eta 200tik gora zauritu ziren Aljerren, Gobernuaren egoitzaren eta polizia etxe baten aurka bonba-autoak lehertzean.
Uztailaren 11a. Aljeriako armadaren kuartel bati eraso egin zioten kamioi-bonbaz Lakhdaria herrian: 10 militar hil ziren eta beste 35 zauritu.
Irailaren 6a. Abdelaziz Buteflika Aljeriako presidentea Batna hirian bisitaz zebilelarik ekintza suizida batek 22 hildako eta ehun zauritutik gora eragin zuen.
Irailaren 8a. Dellisko portuan, itsas-zaindarien kuartel baten kontrako ekintza suizidan, 32 hildako eta 45 zauritu.
abenduaren 11a. Bi bonba-auto leherrarazi zituzten Aljerren, bi egoitza ofizialen eta UNHCRko ordezkaritzaren aurrean. Dozenaka lagun hil ziren.