Dozenaka lagun hil dituzte Bagdaden, xiiten aurkako hamabi erasotan

Nuri al Maliki Irakeko lehen ministroaren arabera, atentatuek «jatorri politikoa» izan dute

Erredakzioa
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Bederatzi urteko okupazioaren ondoren, AEBetako azken tropek igandean alde egin zuten herrialdetik, eta lau egun geroago, hamabi lehergailu zartarazi dituzte Bagdad hiriko hainbat auzotan.Osasun Ministerioak aditzera eman duenez, eztanden ondorioz gutxienez 68 lagun hil eta ia 200 zauritu dituzte. «Erasoak egin dituzten unea eta lekuak kontuan hartuz, argi dago jatorri politikoa izan dutela», adierazi du Nuri Al Maliki Irakeko lehen ministroak. Erlijio buruzagiei, tribuetako ordezkariei eta agintari politikoei egoera kritiko honetan «erantzukizuna» hartzeko eskatu die.

Goizaldean egin dituzte erasoak, sunitak eta xiitak elkarrekin bizi diren auzuneetan. Al Karrara auzokoa izan ezik, gainerako lehergailuak leku publikoetan jarri dituzte erasotzaileek: aparkalekuetan, eskola batean eta merkatuan —Al Karrarakoa gobernuaren Gardentasun Erakundean ipini dute—. Horregatik, kaltetu gehienak lanera zihoazen zibilak izan dira; Al Malikiren hitzetan, «errugabeak». Lehen ministroa armadari zuzendu zaio, eta «kriminalen moduan» haiei eraso eginez ez erantzuteko eskatu die, «hori baita haien helburua». Dena dela, atentatuek herrialdeko prozesu politikoan ez dutela eraginik izango baieztatu du, eta errudunak zigortuko dituztela.

Irakeko Gobernuko oreka politikoa, baina, kolokan jarri da. Lehengo astelehenean, Al Malikik Irakeko presidenteorde Tarik al Hashemi atxilotzeko agindu zuen; terrorismo delituak egin izana egotzi dio.Hashemik, aginduaren berri jakindakoan, Iraken menpeko Kurdistanera alde egin zuen, eta «errugabea» zela adierazi zuen. Gainera, Justiziaren aurrera agertzeko borondatea erakutsi du, baldin eta Iraken izan beharrean Kurdistanen epaitzen badute. Hori ikusirik, Al Malikik hura itzultzeko eskatu die kurduei, «epaiketa justua» Iraken egingo diotela aginduta.

Suniten eta xiiten zatiketa

Atxilotze aginduaren ondorioz, herrialdeko erlijio adarren arteko zatiketa ere gordindu egin da. Izan ere, Hashemi sunita da; gobernuan nagusitasuna duena, Al Malikiren Aliantza Nazionala koalizioa, ordea, xiita. Ondorioz, Hashemiren Iraqija alderdiak suniten kontrako erasotzat hartu du erabakia, eta gobernuko bileretan eta parlamentuan parte hartzeari uko egin dio. Haien hitzetan, Al Malikik gobernuko botere guztia zentralizatu egin nahi du, eta estatu nazioaniztuna deuseztatu.

Krisi politikoa 2010ean piztu zen, martxoko bozetan Iraqija alderdiak bozen gehiengoa lortu zuenean. Dena dela, ez zuen bakarrik agintzeko adinako babesik eskuratu, eta, beraz, herrialdeko gobernua hutsik egon zen zortzi hilabetez, alderdiek ez zutelako adostasunik lortu. Azaroan, Irakeko hiru fakzio nagusiek —xiitek, sunitek eta kurduek— batasun nazionaleko gobernua eratu zuten. Dena dela, xiitak dira nagusi gobernuko erakunde gehienetan, eta Iraqijak behin eta berriro aldarrikatu du bozetan lortutako garaipena aitor diezaioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.