Iragan abenduan AEBak Iraketik erretiratu eta ia bederatzi urteko okupazioa amaitu bazuten ere, indarkeria ez da berehalakoan amaituko herrialdean. Iraq Body Count erakundearen arabera, hil honetan gutxienez 157 lagun hil dituzte erasoetan, baina datu horrek atzoko atentatuetako biktima guztiak ditu gehitzeko. Gutxienez 35 lagun hil zituzten Irakeko eta haren menpeko Kurdistango hainbat hiritan, lehergailu bidezko atentatuetan—bertze iturri batzuen arabera 42—. Iturri ofizialen arabera, eraso gehienek estatuko indarrak izan dituzte jomugan, eta Bagdaden auzo xiitetan zartarazi dituzte lehergailuak. Gobernuak Al-Qaedarekin lotura duten taldeei egotzi dizkie erasoak.
Jende gehien hiriburuan hil dute. Gutxienez hamabortz lagun hil dituzte han, behintzat sei leherketatan, Irakeko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Eraso handiena Kadhimiya barrutian gertatu da. Bonba auto bat leherrarazita bortz lagun hil dituzte han. Nagusiki xiitak bizi diren auzoa da, eta gobernuaren ustez horiek ziren atentatuaren jomuga. Hildako gehien eragin dituen erasoa, berriz, Kurdistan hegoaldeko Kirkuk hirian izan da. Zortzi polizia hil dituzte, haien patruilen aurka bi bonba auto zartarazita. Gainerakoan, hildakoak eragin dituzte erasoak izan dira Baqubahen, Samarran, Al-Ramadin, eta Kurdistango Mosul eta Dibis hirietan. Bagdaden Osasun ministroa zauririk gabe atera da bere aurkako atentatuan.
Xiiten eta suniten tentsioa
Okupazioa amaitu arren, urtea hasi denetik ehunka lagun hil dituzte Iraken, nagusiki gehiengo xiitaren eta gutxiengo sunitaren arteko gatazkarengatik. Tareq al-Haxemi presidenteorde sunitaren aurkako atxilotze agindua ere tentsio horren adierazle da. Xiiten esku dagoen gobernuak «terrorismoa» laguntzea egozten dio, eta gaur egun Al-Haxemi Turkian dago erbesteratuta. Atzora arte, azken eraso olde handiena martxoaren 20an egin zuten; bertze 42 lagun hil zituzten.
Dozenaka lagun hil dituzte Irakeko eta Kurdistango atentatu oldean
Al-Qaedaren inguruko taldeei egotzi dizkiete erasoak; nagusiki estatuko indarrak izan dituzte jomugan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu