Dozenaka lagun hil dituzte Iraken, AEBak joan osteko eraso sailik handienean

Hildakoak 57 eta 84 artean jarri dituzte hainbat iturrik; zortzi probintziatan egin dituzte atentatuak

mikel rodriguez
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Egun bakarrean dozenaka lagun hil dituzte Iraken herrialdeko zortzi probintziatan egindako atentatuetan. Hildakoen kopurua 61 eta 84 artean paratu dute hainbat iturrik. AEBetako tropek herrialdea utzi zutenetik —iazko abendutik— izandako atentatu olderik handiena izan da. Polizia iturrien arabera, xiitak, kurduak eta estatuko indarrak izan dira erasoen helburuak. Erasoak ez ditu inork bere gain hartu.

Atentatu handienaren berri Al-Hillah hirian eman dute, herrialdearen erdialdeko Babel probintzian, Bagdadetik 100 kilometro hegoaldera. Jatetxe batean bi lehergailu zartarazi dituzte, eta hogei lagun inguru hil dituzte. Iturri ofizialen arabera, Poliziaren aurkako erasoa izan da, jatetxe horretan agenteak maiz elkartzen direlako.

Eraso gehienak, baina, Bagdaden eta inguruko barrutietan egin dituzte. Horietako anitzek erromes xiitak izan dituzte jomugan. Izan ere, Musa Al-Kadhim imamaren heriotzaren urteurrena oroitzen dute xiitek garai hauetan. Islamaren adar horretan, Mahoma profetaren ondorengo hamabi imametan zazpigarrena da Musa al-Kadhim. Kondairaren arabera, espetxean hil zuten 799. urtean Harun al-Raxid kalifaren aginduz. Xiiten arabera, Bagdad iparraldean dago lurperatuta imama, haren izena daraman Kadhimiya auzoan. Jaialdien erdigunea da Kadhimiya, eta atzo gutxienez zazpi lagun hil eta 22 zauritu zituzten han. Joan den igandean ere lau lagun hil zituzten auzo horretan egindako atentatu batean.

Azken erasoen bertze jomuga bat Iraken menpeko Kurdistan izan da. Kirkuk hirian hiru bonba auto leherrarazi dituzte, horietako bi PDK Kurdistango Alderdi Demokratikoaren egoitzatik gertu —Kurdistango Eskualde Autonomoan agintean dagoen alderdia da—. Kurdistango bertze hiri handi batean, Mosulen, eskualde autonomoko indarren —peshmergen— egoitza baten aurka jo dute. Gutxienez peshmerga bat eta haur bat hil dituzte.

Xiiten eta suniten borroka

Erasoak ez ditu inork bere gain hartu, eta koordinatuta egon direla ere ez du inork berretsi. Hainbat hedabidek talde armatu suniten aukera aipatu dute, iraganean ere xiiten eta kurduen aurkako atentatu sailak aldarrikatu izan dituztelako. Iraqbodycount.org webgunearen arabera, herenegun arte 112 ziren hil honetan erasoetan hildako zibilak; maiatz osoan, berriz, 207. Iaz,AEBen okupazioaren azken urtean, 4.087 zibil hil zituzten erakunde horren kontaketaren arabera. Aurten, berriz, atzokoak kontatu gabe, 1.605 hil dira. Okupazioak utzi duen ondorio bat izan da gehiengo xiitaren eta gutxiengo sunitaren arteko borroka irekia; 2006-2007ko indarra ez badu ere, herrialdeko egonkortasuna baldintzatzen segitzen du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.