Dozenaka lagun hil dituzte Somaliako Gobernuaren aurkako atentatuan

Al Shabab miliziak hartu du bere gain bonba-kamioiz eginiko erasoa; hildakoak 82 ere izan daitezke

mikel rodriguez
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Somaliako Trantsiziorako Gobernu Federalak kolpe gogorra jaso zuen atzo. Gutxienez 70 lagun hil zituzten Muqdishon gobernuaren hainbat egoitza dauden eremuan bonba-kamioi bat leherrarazita. Azken datuen arabera, ordea, 82 izan daitezke hildakoak. Horien artean soldadu ugari daudela diote agintariek, leherketaren eremua zaintza bereziko esparrua baitzen. Horrek agerian utzi du trantsiziorako gobernuaren ahulezia. Ekintza Al Shabab milizia islamistak hartu du bere gain. Talde horrek iazko uztailetik egindako erasorik handiena izan da; orduan 76 lagun hil zituen Ugandako Kampala hiriburuan.

«Geure mujaihidinetako batek Trantsiziorako Gobernu Federalaren kideak, Afrikako Batasuneko tropak eta egoitzen inguruan zeuden salatariak hiltzeko sakrifizioa egin du», adierazi dio Al Shabab miliziako kide batek AFP agentziari. Erasotzaile suizidak militarren kontrol gune batean gelditzerakoan leherrarazi zuen kamioia, Ali Hussein poliziak azaldu duenez. Eragindako txikizioa handia izan da, eta Abdullahi Goda Barre Hirigintza ministroak jakinarazi du zortzi ministerioren egoitza zen eraikin bat suntsituta gelditu dela. «Bat-batean izugarrizko soinua aditu da, eta altzariak, leihoak eta paretak erortzen hasi dira».

Desegindako herrialdea

Iragan abuztuan Muqdishotik erretiratu ziren Al Shababeko milizianoak, eta ordutik egin duten eraso handiena izan da atzokoa. Trantsiziorako Gobernu Nazionalak NBE Nazio Batuen Erakundearen onarpena du, eta Afrikako Batasunaren laguntza militarra. Herrialdearekiko duen kontrola, ordea, hagitz murritza da, eta praktikan hiriburura eta sakabanatuta dauden eskualde batzuetara hedatzen da.

Al Shababek, ordea, erdialdeko eta hegoaldeko eskualdeen kontrola du, eta iragan udara arte Muqdisho hartzeko borrokan ibili da. Bere menpeko lurraldeetan uahabismoa aplikatzen du, hau da, Saudi Arabiako legedia islamiko sunitaren eredu hertsia. Mendebaldeko gobernuek Al Kaedarekin lotzen dute milizia. 2004an Trantsiziorako Gobernu Nazionala sortu zenetik, haren etsai nagusia izan da Al Shabab. Berriki, goseteari aurre egiteko nazioarteko laguntzari trabak ezarri dizkio, gobernuz kanpoko erakundeetako kideek AEBei erasorako balizko helburuen inguruko informazioa eman diezaieketela argudiatuta; izan ere, Al Shababek hainbatetan jaso ditu aire erasoak. Gainera, Mendebaldeko hedabideek goseteak eragindako krisiaren irudia puztu egin dutela salatu du miliziak.

1991n Muqdishoren botere zentrala desegin zen, Siad Barreren erregimena erori ondotik. Milizia islamistak indartu egin ziren, eta iparraldeko zenbait eskualde banandu egin ziren. Horietako batek, Somalilandek, independentzia aldarrikatu zuen gainera, eta, de facto, estatu gisa funtzionatzen du. 2006an Etiopiak Somalia inbaditu zuen, muturreko islamisten eragina deuseztatzeko. 2009an atera zen, Afrikako Batasunak tropak bidali ondotik. Erakunde horrek, ordea, NBEk misio bat bidali dezan nahi du, baina honek hori saihestu nahi du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.