Dozenaka manifestari hil dituzte Yemengo hiriburuan
Ali Abdala Sale Yemengo presidenteak larrialdi egoera ezarri zuen atzo 30 egunez, bere aldekoen eta aurkakoen aurkako istiluetan hamarnaka lagun hil eta 200 inguruk zauriak jasan ondoren. Urtarrilaren 27an Saleren agintaldia amaitzeko matxinada piztu zenetik egunik odoltsuena izan zen atzokoa, eta Turismo ministroaren dimisioa eragin zuen. Duela egun batzuk Gai Islamikoetarako ministroak ere kargua utzi zuen, errepresioa salatu nahian. Barne Ministerioak dio teilatuetan kokatutako tiratzaileek 25 manifestari hil zituztela, baina oposizioak 41 gorpu zenbatu ditu. Efe agentziako berriemaileak ziurtatu duenez, presidentearen aldekoak eta aurkakoak kolpeka hasi ziren Sana hiriburuko unibertsitatearen inguruan. Oposizioko kideek harresi bat txikitzen saiatu zirenean, ordea, tiro egin zieten. Harresi hori eraiki dute Saleren aldekoek, manifestatzaileek presidentea joan arte plaza batean jarri duten kanpamendua hedatzea eragozteko. Oposizioak gobernuari egotzi dio «sarraskiaren» ardura, baina Poliziak esku hartu izana ukatu du Barne ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu