Bi eskola, liburutegi bat, zergak kudeatzeko egoitza bat, supermerkatu bat eta 63 ibilgailu erre zituzten bigarren gaueko istiluetan. Arratsalde partean hasi eta gauerdira arte iraun zuten gazteen eta Poliziaren arteko borrokek Villiers-le-Bel eta inguruetan.
Joan den igandean Villiers-le- Beleko bi gazteren --15 urteko Moushin eta 16 urteko Larami-- heriotzak piztu zituen liskarrak. Gertaera argitze aldera, Marie-Therese de Givry Estatuko fiskalak ikerketa abiarazi du. Errua alde bati nahiz besteari egozten dioten bertsioak daude, ordea, jazoeraren inguruan. Polizia iturrien arabera, bi gazteak abiadura bizian zihoazen motorrean eta Polizia auto baten aurka talka egin zuten. Ez zeramaten kaskorik, ezta gidatzeko baimenik ere. Halaber, istripua gertatu eta berehala larrialdietara deitu zutela ziurtatu dute.
Istripua bertatik bertara ikusi ahal izan zuten hainbat lekukoren arabera, ordea, Poliziak jo zuen motorra. Horren ondotik,Moushin eta Laramiren bizia salbatzeko ahaleginak ez egitea leporatzen diote. Funtzionarioen jarrera salatzeko hasi zituzten protestak igandean. Hildako bi gazteren familiartekoek indarkeria alde batera uzteko eta legezkotasuna errespetatuz jarduteko eskatu dute.
2005-EKO ISTILUAK GOGOAN. Duela bi urte Clichy-sous-Bois bazter auzoan hasi zituzten istiluak, Poliziarengandik ihesi zihoazen bi gazte transformagailu elektriko batean ezkutatu eta elektrokutatuta hil zirenean. Borrokek hiru aste iraun zuten, eta ehunka bazter auzotara zabaldu ziren. Egoera ezin zuen kontrolatu, eta Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen azkenean.
Igandean hasi ziren istiluetan dozenaka polizia zauritu direla eta, Gobernua kezkatzen hasia da oraingo honetan, eta segurtasun neurriak gogortu egingo dituztela aurreratu du. Atzo sei gazte atxilotu zituzten. Dagoeneko 16 lagun inguru atzeman ditu, eta zauritutako poliziak ehundik gora dira.
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak --2005ean lehen ministro karguan zegoen-- segurtasunaz hitz egiteko bilerara deitu du gaurko. Txinatik heldu bezain laster, François Fillon, Fadela Amara Hiriko Politikarako arduradunarekin eta Barne eta Justizia Ministerioko arduradunekin elkartuko da.
Bestalde, Michele Alliot-Marie Barne ministroari egoerari aurre egiteko «aholkuak» igorri dizkio Sarkozyk atzerritik. «Justiziak bere lana egiten duen bitartean, ez ditu ezerk justifikatzen atzo [herenegun] gauean izandako istiluak. Onartezinak dira», esan du Barne ministroak. Parisko bazter auzoetan gatazkak jarraituko duten beldur, segurtasun neurri gogorragoak ezarriko dituztela aurreratu zuen atzo Gobernuak.
Fillon: «Poliziei tiro egin dietenak kriminalak dira»
Poliziei aurre egiteko gazteek su armak erabili dituztela salatu dute Frantziako agintarieki.z.
2005eko istiluak gainditu dituzte Villiers-le-Belekoek. Iragan igandean hildako bi gazteen heriotza salatu eta mendekatzeko ehunka gaztek Parisko bazter auzoetako kaleak hartu dituzte. Herenegungauean izandako istiluetan su armekin aurre egin zieten poliziei hainbat gaztek. Zauritutako dozenaka polizia, horietatik sei larri, eraman zituzten ospitalera. François Fillon Frantziako lehen ministroak gogor gaitzetsi du istiluen bigarren gauean gertatutakoa, eta zigor neurri gogorrak aurreikusi ditu segurtasun indarrei tiro egin zietenentzat: «Poliziei tiro egin zieten horiek kriminalak dira, eta hala izango balira bezala jokatuko dugu haien aurrean».
Iturri ofizialen arabera, polizia bati bizkarrera tiro egin eta larri zaurituta eraman zuten ospitalera. Berunezko bolak eta ehizarako kartutxoaerabili zituzten, antza, eta horietako asko aurpegian, begietatik gertu zauritu zituzten, Barne ministroak salatu duenez.
POLIZIAREN ERANTZUNA. Halaber, halakoen aurrean ez direla geldirik egongo aurreratu du Synergie polizia sindikatuak. «Tiro egiten badiete, ez dute denbora luzez itxarongo. Poliziak erantzun egingo du», adierazi du Patrice Ribeiro sindikatuko idazkari nagusiak. Egoerak okerrera egingo duen beldur daRibeiro, baita beste hainbat sindikalista ere. «Beldurtzeko bi arrazoi daude: Paris eskualdeko beste departamenduetara istiluak zabaltzeko arriskua, eta polizien aurka su armak sistematikoki erabiltzea», azaldu du Ribeiroren kide batek. 2005ean gertatutakoa ezin ahaztu, Villiers-le-Belen itxura hartzen ari den egoerak dagoeneko duela bi urteko istiluek emandakoak baino datu kezkagarriagoak eragin dituela salatu du Synergiek. Besteak beste,zauritutako polizien kopurua ezohikotzat jo dute sindikalistek.
Bestalde, Laurent Mucchielli soziologoak Le Parisien egunkarian salatu duenez, gatazkatsuak diren auzoetan egoerak ez du hobera egin 2005ean Parisko bazter auzoetan azken istiluak gertatu zirenetik. «Ez objektiboki, ezta herritarren ikuspegitik ere» egoera ez da aldatu, Mucchielliren hitzetan. Duela bi urte atzeman zituzten arazoek bere horretan jarraitzen dute: gazteen langabezia tasa oso handia da, eskolan lortzen dituzten emaitzak lehen bezain txarrak dira, Poliziaren jarduera modua ez da aldatu eta etorkinek gizartean lehen zuten estatus bera izaten jarraitzen dute.
«Tiro egiten badiete,ez dute denbora luzez itxarongo. Poliziak erantzun egingo du»
patrice ribeiro
synergie polizia sindikatuko idazkari nagusia