Protestak herrialde arabiarretan

Dozenaka soldaduk egin dute ihes Siriako armadatik azken egunetan

Al Assaden segurtasun indarrek gutxienez zazpi lagun hil dituzte tiroz hainbat hiritan, tartean ume bat

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Libiako erreboltariek Tripoli hartu izanak eragina izan du Sirian ere. Bashar al Assaden armadako dozenaka soldaduk ihes egin dute azken egunotan, erreboltariek azaldu dutenez. Iragan larunbatean, esaterako, zibilen kontra tiro egiteari uko egin eta ihes egin zuten dozenaka soldaduk Damaskotik Gutara, Reuters agentzia informazioaren arabera. Atzo, berriz, Himsetik hogei kilometora dagoen Rastan hirian alde egin zuten armadatik beste hamarnaka soldaduk.

Ihes egiteak direla eta, Al Assaden armadak Rastan hiria inguratu du. Gutxienez 40 tanke eta blindatutako ibilgailu daude hiriko kaleetan, eta baita soldaduz eta Inteligentzia Militarreko kidez betetako hogei autobus ere. «Hiriko errepidea itxi dute, eta tiroak jaurti dituzte», azaldu du Rastango bizilagun batek. Siriako armadako soldadu gehienak sunitak dira —%75 inguru—; buruzagi politiko eta militar gehienak, berriz, xiiten adarreko alauiak dira. Al Assad ere alauia da, herrialdean gutxiengoa den erlijio korrontekoa. Dena dela, desertzioa ugarituz badoa ere, ezinezkoa da benetako neurria ezagutzea, erregimenaren itxitura informatiboa erabatekoa baita.

Gutxienez zazpi hildako

Bitartean, armadak hildako zibilen zerrenda luzeagoa da egunetik egunera. Atzo, gutxienez zazpi lagun hil zituzten, tartean ume bat, Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera. Idleb probintziako Sarmin hirian hainbat soldaduk armadatik ihes egin zuten, eta, erantzun gisa, operazio militarra egin zuten Al Assaden soldaduek hirian; bost zibil hil zituzten. Halaber, Kara eta Kafrnabl hirietan ere zibil bana hil ditu armadak, tiroz.

Hori horrela, Arabiar Ligak «larrialdizko misioan» bidali du Nabil al Arabi idazkari nagusia Siriara, «krisia konpontzeko ekimen batekin»; hala ere, ez dute argitu zein den ekimena. Al Assaden errepresioak 2.200 zibil inguru hil ditu iragan martxotik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.