AEB Ameriketako Estatu Batuetako soldaduek Afganistango ekialdeko Lagman probintzia bonbardatu eta dozenaka zibil hil dituzte. Hala adierazi dute tokiko agintariek. Alabaina, AEBetako armadak ukatu egin du erasoan zibilak hil dituztela. Bonbardaketan 30 ekintzailek galdu dute bizitza, azken horien arabera. Operazioa Afganistango segurtasun indarrekin batera egin dutela gaineratu dute. Bestalde, ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarretako hiru kide hil dituzte Afganistango ekialdean.
Herenegun Lagman probintzian egindako erasoaren ondorioz 200 zibileketxetik alde egin behar izan zutela adierazi du AEBetako armadak. Gainera, ekintzaile talibanen hainbat ezkutaleku suntsitu zituzten. Tokiko agintariek kontrakoa badiote ere, AEBetako soldaduek emakume eta haurrak bonbardatuko zituzten guneetatik atera arte itxaron zutela ziurtatu du.
Bestalde, bonba eraso baten ondorioz hildako ISAFeko hiru soldaduek zer herritartasun zuten ez dute argitu; hala ere, PAP Poloniako albiste agentzia batek poloniarrak direla adierazi du. Iragan astelehenean Frantziako hamar soldadu hil zituzten ekintzaileek. Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea, horregatik, Afganistanera joan da aste honetan, soldaduei animoak eman eta gertatutakoa bertatik bertara ezagutzeko. «Egiten duzuen lana ezinbestekoa da, hemen jokatzen baita munduko askatasunaren zati bat», adierazi du Sarkozyk.
Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroa ere joan da Afganistanera. Hamid Karzai presidentearekin bildu da, «terrorismoaren aurkako borrokan»bi herrialdeen arteko lankidetzasendotzeko asmoz. Brownen gobernuak 80 milioi euro baino gehiagoko diru laguntza emango dio Kabuli. Brownen arabera, Helmand probintzian Erresuma Batuko soldaduak aurrerapauso handiak ari dira egiten. Aitzitik, etorkizunera begira herrialdea kontrolatuko dutenak Afganistango segurtasun indarrak izan beharko dutela iritzi dio.
Dozenaka zibil hil dituzte Afganistanen, AEBek egindako bonbardaketan
AEBetako armadak ukatu egin du zibilak hil dituztela; erasoan 30 ekintzaile hil dituztela ziurtatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu