Duela hamar urteko tokian

Nazioarteko aliatuek Afganistango finantzaketa 2024. urtera arte luzatzea erabaki dute Bonneko konferentzianAlemaniako hirian 2001eko konferentzian finkatutako helburuak ez dira bete oraindik

mikel rodriguez
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Bi astera beteko dira hamar urte Afganistani buruzko nazioarteko lehen konferentzia egin zenetik Alemaniako Bonn hirian. AEBen eta haren aliatuen inbasioa bete berritan, talibanen erregimenaren ondorengo estatua ezartzeko printzipioak onartu zituzten bertan. Aro berri baten hasiera markatu nahi izan zuten horrela aliatuek eta talibanen etsaiek. Orduan anitzek ez zuten esperoko hamar urtera berriz ere Bonnen bildu beharko zirenik, hain zuzen, finkatu ziren helburu haiek betetzetik urruti daudelako oraindik. Hori dela eta, nazioarteko aliatuek erabaki dute Afganistanen finantzazioa 2024. urtera arte luzatzea —tropak erretiratu eta hamar urte gehiagoz—, Kabulek «prozesu demokratikoan» sakondu eta ustelkeriaren aurka borroka egitearen truke. Hamid Karzai presidenteak berak eskatu die hamar urterako laguntza, bera buru den estatuak dituen oinarri ahulez jakitun.

85 herrialderen eta hamasei erakunderen ordezkaritzak elkartu ziren atzo Bonnen. ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrek 2014an herrialdea utziko dutela eta, haiek gabe talibanen erregimenaren ondorengo estatua nola finkatu eztabaidatzeko. Trantsiziotik eraldaketaren hamarkadara paratu diote izenburu bukaerako adierazpenari. Bertan bertze hamar urtez Afganistango agintea sostengatzeko konpromisoa hartu dute herrialdeek, baina horretarako zenbat diru bideratuko duten ez dute zehaztu. Hori Tokion erabakiko dute, heldu den uztailean egitekoak diren bertze bilkura batean.

Sostenguaren truke, baina, hainbat baldintza ezarri dizkiote Afganistango Gobernuari: «Zibilak babestea, legearen agintea indartzea, eta ustelkeriaren aurkako borroka bere adiera guztietan azkartzea lehentasunezko politikak izaten segituko dute». Bertze hainbat konpromiso ere hartu ditu Kabulek. Adibidez, bake prozesu bat abiaraztea «Afganistango herriaren sektore guztiekin», hiru baldintza nagusirekin: indarkeria albo batera uztea, «nazioarteko terrorismoarekiko harremanak haustea», eta Afganistango Konstituzioa eta giza eskubideak errespetatzea, «emakumeenak bereziki». Bake prozesuan «sektore guztiek» parte hartu behar dutela aipatzean, talibanak ere kontuan hartu dituzte konferentziako parte hartzaileek; edo talibanen sektore bat bederen, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak «moderatu» deitu duena.

Karzai presidentearen hitzaldiak ireki zuen konferentzia. Afganistanek ez duela nazioartearentzako «zama» izan nahi erran zuen, baina herritarrek konferentzian itxaropena dutela, «segurtasun trantsizioa eta garapen ekonomikoa atzeraezina egiteko». Herrialdearentzat eta eskualdearentzat mehatxu handiena Afganistandik kanpoko «terroristen santutegiak» direla erran du Karzaik. Bai Afganistango Gobernuak, bai AEBek, azken urteetan Pakistani egotzi diote «santutegi» horiek hartzea.

Pakistanen boikota

Hain zuzen, Pakistan izan zen atzokoan hutsune nabarmenena. Konferentziara ez agertzea erabaki zuen, NATOk iragan astean egindako aire erasoagatik protestan —Pakistango 24 soldadu hil zituzten—. Aliantzak barkamena eskatu zion Islamabadi, eta Barack Obama AEBetako presidenteak berak doluminak helarazi zizkion, baina keinu horiek ez dira nahikoa izan iritziz aldatzeko. Bere subiranotzari «zuzenean eraso» ziotelako ez duela parte hartu azaldu du Pakistanek. Hala ere, Abdula Basit Atzerri ministroak adierazi du Islamabaden nahia dela Afganistanen «berradiskidetze prozesu bat ikustea».

Duela hamar urteko konferentzian Islamabad orpoz orpo egon zen AEBekin eta gainerako aliatuekin. Pervez Musharraf jenerala zegoen orduan agintean, eta George Bush AEBetako orduko presidenteak zuzendutako terrorismoaren aurkako gerrarekin bat egin zuen. Ordutik, ordea, gauzak anitz aldatu dira. Musharrafen erregimena erori zen, eta Kabulen eta Washingtonen arabera azken urteetan ISI Pakistango zerbitzu sekretuek talibanei eta hainbat miliziari laguntza eman diete Afganistanen erasoak egiteko. AEBek, berriz, azken urteetan ehunka aire eraso egin ditu Pakistanen, eta milatik goiti zibil hil ditu. Islamabaden eta Kabulen arteko harremanak hobetu ezean, hagitz zaila izanen da 2024rako Afganistanen egoera egonkorra izatea.

Talibanen buruzagi nagusiak Pakistanen daude ezarrita. Haiek ere erabaki dute konferentziara ez agertzea, Afganistan «okupazioaren sugarretan harrapatuago» geldituko litzatekeelako. 2001etik aitzinera, urteak igaro ahala, talibanen erresistentzia gogortu egin da; horren ondorioz, adibidez, gero eta soldadu gehiago galdu dituzte ISAFeko indarrek —aurten 500 baino gehiago—. Horregatik, azken urteetan, operazio militarrekin batera, talibanekiko elkarrizketa bilatu dute AEBek eta Kabulek, egoerari irtenbideren bat bilatu nahian. Harremanak egin dituzte, baina horren emaitzarik ez da ageri. Gainera, iragan irailean talibanekiko bitartekari nagusia, Burhanuddin Rabbani presidente ohia hil zuten eraso suizidan. Horren ondorioz, elkarrizketaren bidea nabarmen oztopatu da. «Orain bertan ez daukagu haien helbiderik», aitortu du talibanei buruz Eklil Hakimi Afganistanek AEBetan duen enbaxadoreak. «Ez daukagu aterik jotzeko».

Beraz, 2014an ISAFek Afganistan uzten duenean zer gertatuko den ez dago argi. Hala ere, konferentzian parte hartu dutenek ez dute uste estrategiak porrot egin duenik, eta duela hamar urteko bilkuraren lorpenen jarraipen naturaltzat aurkeztu dute atzokoa. Al Kaeda Afganistandik «egotzi» dutela aldarrikatu dute, eta hango armada eta Polizia segurtasun eskumena pixkanaka hartzen ari direla goraipatu dute.

Karzairen dependentzia

SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak egin ez bezala, AEBen eta aliatuen asmoa izan da Afganistanen armada indartsu bat eratzea segurtasuna osoki bere esku har dezan, baina Karzairen aginteak nazioarteko indarrekiko duen dependentzia ia erabatekoa da. Ahmed Rashid Pakistango idazle eta eskualdeko geopolitikan adituak duela bi urte adierazi zuen ISAF joanez gero, Karzaik ez lukeela boterean «astebete ere» iraunen. Rashiden arabera, gaur egun Afganistango aurrekontuaren %90 nazioarteak finantzatzen du. 2009ko datuen arabera, gainera, nazioarteko finantzaziotik soilik %9,4 bideratzen zen giza-laguntzarako, eta gainerakoa operazio militarretan eta segurtasunean xahutzen zen. 2001ean, Bonnen, talibanak deuseztatutzat eman zituzten, eta Afganistan «demokrazian eta pluralismoan» eraberrituko zuen bide-orria aurkeztu zuten. Hamar urte geroago, bertze hamar urterako plan bat iragarri behar izan dute.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.