Irlanda iparraldeko bozak

DUP nagusitu da eta 36 eserleku irabazi ditu

Legebiltzarreko hauteskundeetako zenbaketa osoa egin dute eta DUPek 36 eserleku eskuratu ditu. Sinn Feinek 28; lau aulki irabazi ditu. DUPekin batera gobernatzeko "prest" dago Sinn Fein.

2007ko martxoaren 9a
20:55
Entzun
Aurrez espero zen bezala, DUP unionista eta Sinn Fein errepublikanoa izan dira nagusi Irlanda iparraldeko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeetan. Arratsaldean bukatu dute botoen zenbaketa eta biek gora egin dute. DUP izan da bozkatuena, Sinn Fein izan da bigarrena zortzi eserlekura.

Legebiltzarreko 108 aulkiak honela banatu dituzte botoemaileek: DUP unionistak 36 (aurrekoan baino 6 gehiago), Sinn Fein errepublikanoak 28 (+4), UUP unionistak 18 (-9), SDLP errepublikanoak 16 (-2), AP mistoak 7 (+1); besteen artean, GPk 1 (+1), PUPek 1 (berdin), OTHk 1 (berdin) eta UKUPk 0 (-1).

Komunitateka, unionistak nagusi: alderdi handien artean, DUPek eta UUPek 54 eserleku dituzte orain arte (aurrekoetan baino 3 gutxiago), eta Sinn Feinek eta SDLPk 44 (bi gehiago).

Martin McGuinness Sinn Feineko buruzagiak gaur esan du "prest" daudela DUPekin batera gobernatzeko eta "erronkari eusteko". Haren ustez, herritarrek halako gobernua nahi dute, emaitzek erakusten dutenez. Lehengoan Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak esan bezala, "arazo sozial eta ekonomikoei aurre egiteko" gogoz daude alderdian.

Parte-hartzea %63,5ekoa izan da, aurrekoetan baino %0,4 txikiagoa. 1998ekoetan, berriz, %68koa izan zen.

Irlanda iparraldeko alderdiek hilaren 26ra arteko epea dute Gobernua osatzeko autonomia berriro martxan jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.