Kolonbia

Duque eta Petro lehiatuko dira hauteskundeetako bigarren itzulian

Botoen %39 jaso ditu Ivan Duquek, Alvaro Uribe presidente ohiak sortutako alderdiko hautagaiak. Gehien bozkatutako hautagaien artean bigarrena Gustavo Petro ezkertiarra izan da; botoen %25 bildu ditu.

Ivan Duque Zetro Demokratikoa alderdiko hautagaia, atzo, hauteskundeen emaitzak publiko egin ondoren, garaipena ospatzen. MAURICIO DUEñAS CASTANEDA, EFE
2018ko maiatzaren 28a
11:39
Entzun

Bi proiektu kontrajarri izan dira boto gehien jaso dutenak Kolonbian, FARCen eta gobernuaren arteko bake itunaren osteko presidentetzarako lehen hauteskundeetan. Zentro Demokratikoa alderdiko zerrendaburu Ivan Duque eta Kolonbia Humanoko hautagai Gustavo Petro lehiatuko dira hauteskundeen bigarren itzulian, herrialdeko presidentetza nork eskuratuko. Ekainaren 17an izango da bigarren bozketa.

Duquek indar erakustaldia egin du lehen itzulian. 7,5 milioi boto baino gehiago jaso ditu (botoen %39,13). Emaitza arrakastatsua da Alvaro Uribe presidente ohiak sortutako alderdiarentzat, bikoiztu egin baitu 2014an lortutako babesa.

Kolonbiako 32 departamentutatik 23tan nagusitu da Duque. Bederatzitan irabazi du Petrok. Bogotan, berriz, Kolonbia Koalizioko Sergio Fajardok lortu du boto gehien.

Bogotako alkate ohi Petrok 4,8 milioi boto jaso ditu (bozen %25,09). M-19 taldeko gerrillari izandakoa bihurtu da bigarren itzulira iritsi den ezkerreko lehen hautagaia.

Hirugarren tokian gelditu da Bogotan garaile izan den Fajardo. Bigarren itzulian sartzetik gertu izan da. 4,5 milioi boto bildu ditu (%23,74). Hark lortutako botoak bigarren itzulirako eskuratzen saiatuko dira orain Duque eta Petro.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.