Duvalier Haitiko diktatore ohia deklaratzera eraman dute Fiskaltzara

AEEk Behin-behineko Hauteskunde Batzordearen esku utzi du bigarren itzuliko emaitzak ematea

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Jean-Claude Duvalier Haitiko diktadore ohia Port-au-Princeko Fiskaltzara eraman zuten atzo deklaratzera. Lehenago, Aristidas Auguste fiskala eta Gabriel Ambroise epailea haren hotelera joan ziren galdeketa egitera. Polizia bereziek hartu zuten hotelaren kanpoaldea, baina esku burdinak ipini barik eraman zuten Duvalier Fiskaltzara. Bidean, babes oihuak eskaini zizkioten hainbat jarraitzailek.

«Berez, ez dago atxilotuta, Haitiko Konstituzioaren arabera ez baitago horretarako inolako elementurik», dio Gervais Charlesabokatuak. Hala ere, Haitiko agintariek oraindik ez dute adierazpenik egin atxiloketaren inguruan. «Ez dago argi Haiti Duvalier atxilotu eta haren kontrako prozesu bat abiarazteko moduan ote dagoen», zioen atzo Rupert Colville Navi Pillay NBEko mandatariaren eledunak.

Diktadore ohia ezustean bueltatu zen Haitira joan den igandean, 25 urtez Frantzian erbesteratuta egon ostean. 1971 eta 1986 bitartean gobernatu zuen Haiti, 1957az geroztik herrialdeko buru zen François Duvalier aitaren oinordekotza hartu ostean. Matxinada baten ondorioz, ihes egin behar izan zuen Haititik 1986an. Besteak beste, milaka herritarren heriotza eta diru publikoa atzerriko kontu korronteetara desbideratu izana leporatzen diote. «Etxeko lanak egitea eta erantzutea dagokio justiziari», adierazi du Haitiko Caritasek.

Bigarren itzulia, CEPen esku

Joan den igandean egitekoa zen Haitiko hauteskundeetako bigarren itzulia. Oraindik, ordea, hauteskunde krisia puri-purian dago, eta inork ez daki noiz egingo den bigarren iztulia.

«CEP Behin-behineko Hauteskunde Batzordea arduratuko da hauteskundeen azken emaitza zehazteaz», adierazi du Jose Migel Insulsa AEE Ameriketako Estatuen Erakundeko idazkari nagusiak. Bestalde, Insulzak gogorarazi du AEEren gomendio txostenean baieztatu zuela lehen itzulian ustelkeria izan zela eta Jude Celestin bigarren itzulitik kanpo uztea gomendatu zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.