EAJ eta UPN Espainiako armadak Libiako erasoaldian parte hartzearen alde daude. Espainiako Gobernuak Madrilgo Kongresuan aurkeztutako proposamenari baiezkoa eman diote EAJren sei ordezkariek eta UPNren bakarrak. Denera, 336 diputatuk egin dute esku hartzearen alde, eta hiruk aurka. Espainiako 500 militar hilabetez Libiako aire eremua debekatzeko eginkizunean eta bertze hiru hilabetez armen bahimenduaren kontrolean aritzea onartu dute. NaBaiko diputatu Uxue Barkos ez da bozketan izan.
Kongresuko EAJren ordezkari Josu Erkorekak adierazi du erasoaren gaineko «zainketa zorrotza» eginen dutela, eta kritiko agertu da NBE Nazio Batuen Erakundearen funtzionamenduarekin. Hala ere, Erkorekak dio ez dela garaia eztabaidatzeko potentzien «hipokrisiaren», «petrolioaren aitzakiaren» eta NBEren erabaki «selektiboen» inguruan. UPNko ordezkari Carlos Salvadorrek, berriz, adierazi du erasoaren alde daudela NBEren ebazpena duelako, «zibilak babesteko» helburua duelako, eta Kongresuaren bidez Espainiako armadari adierazi diotelako «herritarren babesa» duela.
Frantzian, berriz, Francois Fillon lehen ministroak gobernuaren jokabidea defendatu du Asanblada Nazionalaren aitzinean. Operazio militarra NBEren Segurtasun Kontseiluaren 1973 ebazpenarekin bat datorrela defendatu du. Erasoen jomugak «zehatzak» direla erran du, eta soilik «zibilak babesteko» helburua dutela. Fillonek azaldu du erasoarekin exijitu nahi dutela indarkeria ekintzen bukaera, Muammar Gaddafiren indarrak erretiratzea eta giza laguntza baimentzea.
EAJ eta UPN esku hartzearen alde agertu dira
Espainiako Kongresuak oniritzia eman dio eraso militarrari; 336 diputatuk alde bozkatu dute, eta hiruk aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu