Europako Alderdi Popularreko presidente Wilfried Martens 77 urterekin hil da, Lokerenen (Belgikako iparraldean). Belgikako lehen ministro ohiak EAPko zuzendari kargua utzi zuen herenegun, osasun arazoak zirela medio. Geroztik, Joseph Daulek zuzentzen du alderdia Europako Parlamentuan, nahiz eta datozen egunotan prozesu bat zabalduko den alderdiaren lider berria aukeratzeko.
Martens hamabi urtez izan zen Belgikako lehen ministro, eta, guztira, bederatzi gobernu zuzendu zituen. 1981eko zortzi hilabeteko etenaldia salbu, Belgikako gobernuburua izan zen 1979tik 1992ra, eta egonkortasun politikorik gabeko garaian hainbat koalizio osatzeko abilidadea erakutsi zuen. Politikari flandriarra EAPko sortzaileetako bat da, eta alderdiaren presidente izan da azken 23 urteetan.