«EBk konpromiso sendoa hartu du 2050erako klima neutraltasuna lortzeko, eta gaur egun harro egon gaitezke denon artean klima helburu handinahia hartu izanaz», adierazi du Joao Pedro Matos Fernandes Portugalgo Ingurumen eta Ekintza Klimatikorako ministroak, ohar batean. Haren esanetan, akordio horrekin Europak «seinale bat» bidali dio munduari, Joe Bidenek bihar antolatu duen klimari buruzko bileraren atarian. Aldi berean, bidea erraztu du EBko 27 herrialdeek ekainerako euren klima ekintzen proposamena aurkezteko.
Helburu hori lege bihurtuko du Europak, Ursula Von de Leyen Europako Batzordeko presidenteak jakinarazi duenez, eta Klimaren Lege horrek garapen berdearen bidetik ezarriko du kontinentea belaunaldi batean.«Lege horrek trantsizio ekologiko sozialki justua» bermatuko duela gaineratu du Frans Timmermans Itun Berdeko arduradun eta batzordeko presidenteordeak. Europako Parlamentuak are eta helburu handinahiagoa nahi zuen: hamarkada honen bukaerarako isuriak %60 murriztea, 1990ean izandako isurien aldean. Erakunde ekologista handienek ere bat egin zuten helburu horrekin. Orain, parlamentuak apaldu egin du bere helburua, akordioa errazteko.
Hurrengo orduotan akordioari buruzko zehaztapenak emango dituzte negoziatzaileek, baina argitu dute lehentasun handiagoa eman diotela CO2 isurketen murrizketari, haiek xurgatzeari baino. Ildo horretan, 225 milioi tona CO2 baliokideren isurketen muga ezarriko dute, eta adostu dute karbonoa xurgatzeko gaitasuna handitzea 2030erako. Konparazio baterako, 2019an Europako Batasuneko herrialdeek 3.600 tona CO2 isuri zituzten. Halaber, Klima Aldaketarako Europako Aholku Batzorde Zientifikoa eratuko dute, 15 adituk osatuko dutena.
2040erako erdibideko klima helburua aurkeztu beharko du Europako Batzordeak, Parisko Klima Hitzarmenaren lehen balantzea egin eta sei hilabetera. 2030-2050erako gas isurketen aurrekontu bat publikatuko du, dagokion metodologia zehaztuz. Negoziatzaileek ere adostu dute ekonomiaren sektore ezberdinekin elkarlanean aritzea bide orri boluntarioak zehaztu ditzaten 2050erako klima neutraltasunera iristeko.
Bihar hasiko da Joe Biden AEBetako presidenteak antolatutako klima aldaketari buruzko goi bilera birtuala. Munduko potentzia nagusiek parte hartuko dute, eta espero da han Etxe Zuriko buruzagiak aurkeztuko duela bere bide orria isurketak murrizteko.
Aurrera begirako helburuak zehazten ari badira ere, klimari dagozkion albisteak ez dira onak. Atzo Energiaren Nazioarteko Agentziak jakinarazi zuen aurten %4,8 handituko direla energiari dagozkion CO2 isurketak, Asian eta bereziki Txinan ikatzaren kontsumoak izan duen hazkunde handiaren ondorioz. Iaz %5,8 murriztu ziren isurketak, COVID-19ak eragindako geldialdi ekonomikoaren ondorioz.
EBren akordioak jaso ditu lehenengo kritikak. Michael Bloss eurodiputatu berdeak Twitterren adierazi du ez dela Europak behar duen itun berdea. «Ez dago behar denaren mailan. Izatez, planteatzen den murrizketa erreala %52,8 besterik ez da (...). Parisko Hitzarmenari begiratuta, ez da nahikoa». WWFk egotzi dio «politikaren» araberakoa dela lortutako akordioa, eta ez «zientziaren» araberakoa. Eta Greenpeacek egotzi dio akordioa azkarregi lortzea, Bidenen goi bileran harro erakusteko. Erakunde ekologisten iritziz, posible zen 2030erako %65eko murrizketa lortzea. Halaber, klima neutraltasuna baino gehiago (ez isurtzea xurga daitezkeen baino berotegi gas gehiago) zero isurketako helburua eskatua zioten ekologistek Europako Batasunari.
Klima neutraltasunaren helburua ez da derrigorrezkoa izango herrialde guztientzat: Europako Batasunarentzat izango da, orokorrean. Horrela, erraztu egin dute ikatzaren menpekotasun handia duten ekiaideko herrialdeek (Polonia, Txekia eta Hungaria, bereziki) akordioa onartzea.